euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Familiakoek eta lagunek inguratuta Aleja Biurrun nafarrak 100 urte bete ditu Isla Mala, Uruguain

2010/03/01

Aleja Biurrun, erdian eserita, bere lau seme-alabez eta bilobetako batzuez inguratuta. Burua argi dauka bere 100 urtetan Alejak.
Aleja Biurrun, erdian eserita, bere lau seme-alabez eta bilobetako batzuez inguratuta. Burua argi dauka bere 100 urtetan Alejak.

PUBLIZITATEA

Ekitaldi apal baina esanguratsun batekin [honelakoek behar dituzten nagusiena zeukan: Aleja beraren presentzia eta lagun eta familiakoen maitasuna eta atxikimendua] ospatu dute amaitu berria den otsail honetan Uruguaiko Isla Mala-n Argiñarena-Biurrundarrek, euren ondorengoek, auzokoek, lagunek eta Europatik elkarrekin etorri ziren familietako kideek 'Amatxi' Alejaren ehungarren urtebetetzea. Bere deitura bereko herrian jaioa, Ignacio Arguiñarena Ochotorena errazkindarraren alarguna da Aleja Biurrun eta harekin eta elkarrekin zeuzkaten bost seme-alabekin abiatu zen 1949an Uruguaira, bizimodu berri bat hastera. Izan ere, euren bizitza eleberri gisa idatzi eta argitaratua du Alberto Irigoyen Arteche idazle euskal-uruguaitarrak 'El requeté que gritó Gora Euskadi!' liburuan. Familiakoez eta lagunez gain, euskal dantzariak ere izan zituen urtebetetzeak partaide --Montevideotik etorritako Eusko Indarra taldekoak--, baita herriko abesbatza eta hamaika euskal apaindura ere, tartean, Uruguaiko bandera handi batekin batera, ikurrinak eta lauburu handi eta txikiak. Guztiak Amatxi Alejaren gorazarre.

Isla Mala, Uruguai. Aleja Biurrun 1910eko otsailaren 17an jaio zen Nafarroako Biurrunen. Nork esan behar zuen orduan neskatxa tipi harek 100 urte bete behar zituela eta non eta Uruguai barnealdeko herriska batean, lagunez eta gehienbat bere burua euskal-uruguaitar definitzen duen familia eta segidaz inguratuta! Ehungarren urteurrena, 25 de Mayo izena duen baina jendeak Isla Mala bezala hobeto ezagutzen duen herriskan ospatu zen, Florida departamentuan, Montevideotik ehun bat kilometrotara.

2010 aleja biurrunek 100 urte 01

[Aleja, erdian eserita, aldamenean bi alaba dauzkala eta inguruan Montevideoko Eusko Indarra dantza taldeko dantzariak]

Bere lau seme-alabak izan zituen alboan, hamaika bilobetako gehienak, hamahiru berbilobak, eta bi arraberbiloba. Hauekin batera, makina bat lagun, auzokide, Uruguaira elkarrekin etorritako jendea edo haien ondorengoak... Eta ohore bereziak egiten, Montevideotik propio etorritako dantzariak, Haize Hegoako Eusko Indarrakoak, tokiko eta janariko apaingarri eta edergarri hamaika laburu handi eta txiki, eta gauza bera ikurrin handi eta txikiekin, guztia bandera uruguaitar handi bat ere buru zuen agertokian.

2010 aleja biurrunen 100 urteak 03

[Egunaren hasieran, meza eta kantari, Alejaren ohoretan, herriko abesbatza]

Bertaratutakoek joandakoak ere oroitu zituzten, tartean Alejaren senar zen Ignacio Arguiñarena, baita ere tarte geografikoaren karietara bertan fisikoki egon ezin ez, baina izpirituz bertan zeudenak, Nafarroan ere bertako ahaideek emozioz bizi baitzuten Amatxi Alejaren urtebetetzearena.

Biurrunen jaiotako Aleja eta Ignacio Arguiñarena errazkindarra Altsatsun bizi ziren, 1949an Uruguaitik iritsitako eskaintza bat onartzea deliberatu eta senar-emazteak eta bost seme-alabak --Fermin, Pedro, Ramona, Lourdes eta Jesus-- Uruguaira abiatu zirenean. Gogor lan egin zuten eta sei urteren buruan euren kasa jartzeko moduan zeuden. Ez zuten harremanik galdu Nafarroan gelditu zen familiarekin eta, izan ere, 100. urtebetetzea distantzian baina bertan egonik ospatu zutenen artean bere ahizpa bat ere egon zen. Baita biloba bat ere, Ricardo Arguiñenarena, duela bost bat urte bere aiton-amon edo aitatxi-amatxik egindakoaren kontrakoa egin eta egun Nafarroan bizi dena.

2010 aleja biurrunen 100 urteak 04

[Montevideoko Eusko Indarrako dantzariak kolore biziz bete zituzten urtebetetzeko ekitaldiak]

Arguiñarena-Biurrun senar-emazteen istorioak badu, gainera, ezaugarri berezi bat, jasoa eta bildua izan baita, eta argitaratua, eleberri gisa, aitatxi-amatxi euskaldunak zeuzkan beste uruguaitar baten eskutik, Alberto Irigoyen Artecheren eskutik hain zuzen. Honek, senar-emazteekin, baina bereziki Ignaciorekin elkarrizketa ordu asko pasatu ostean, 'El requeté que gritó Gora Euskadi' plazaratu zuen Euskal Herrian, Tartalo argitaletxearekin.

Eleberriak Ignacioren ibilbidea kontatzen du, nola 36ko gerla parte irabazlearekin egion ondoren, prozesu bat biziko duen bere baitan, ikusiz erregimenak egiten zituen gauzak, tartean baita ere nola tratatzen zituen euskaldunak eta euskara --euskaldun petoa zen Ignacio--, ia nazionalista bihurtu arte, esango du Alberto Irigoyenek.

Senar-emazteekin izan zituen hitzaspertuetan, Irigoyenek jakin zuen Ignaciok egunari bat idazten zuela gertatu zitzaizkien gauzekin eta, gainera, bertsolaria zela, bertso paperak idazten baitzituen, inori esan gabe. Material hori eskuratu eta eleberrian eta beste lan batzuetan ere eman da argitara. Irigoyen bera, urtebetetze ekitaldietan partaide izan zen lagunen artean egon zen. Lerro hauetatik, EuskalKultura.com-ek ere bar egin nahi du Alajarekin eta bere familia eta lagun koadrila zabalarekin, eta ozenki esan Zorionak, Amatxi Aleja.

-El requeté que gritó Gora Euskadi liburua
-Las cien vidas de Aleja, Miguel Cifuentes, Noticias Gipuzkoan

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia