euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Facebook Stories gunea euskal diaspora eta sare sozialen erabilerari buruzko artikulu batekin jarri da abian

2012/09/13

Euskal gazte batzuk Brooklyn-en. Argazki hau agertzen da Pedro Oiarzabalek Facebook Stories-en argitaratu duen artikuluan (argazkia EuskalEtxeak.net)
Euskal gazte batzuk Brooklyn-en. Argazki hau agertzen da Pedro Oiarzabalek Facebook Stories-en argitaratu duen artikuluan (argazkia EuskalEtxeak.net)

PUBLIZITATEA

Facebook sare sozial erraldoiak --900 milioi erabiltzaile hilero-- euskal diaspora aukeratu du bere atalik berriena abian jartzeko. Aukeratu, bai, enpresa Deustuko Unibertsitateko Pedro J. Oiarzabal historialariarekin harremanetan jarri eta sare sozialek munduko euskaldunen artean izan duten eraginari buruzko artikulua eskatu diolako. Oiarzabalek urteak daramatza Diaspora eta teknologia berrien arteko harremana aztertzen eta Facebook-ek gai honi buruz agertu duen interesarekin harritu egin dela azaldu dio EuskalKultura.com-i. Artikulua astelehenean argitaratu zen, ingelesez, baina aurki euskaraz ere plazaratuko da. "Eta hori eurek proposatu zuten zerbait da", azpimarratu du.

Bilbao, Bizkaia. Dionisio Choperena, AEBetako telefono mugikorren iragarki bateko izarra izan zen artzaina; Blas Uberuaga, 1994ean aurreneko euskal webgunea sortu zuen euskal-amerikarra; Henar Chico, Boisen bizi den blogger bizkaitarra; Jose Antonio Alcayaga III, New Yorkeko Eusko Etxeko kide eta 1500 Alcayagatar biltzen dituen orriaren sortzailea... horietxek dira Facebook Stories webguneak bere lehen egunetan argitaratu zuen artikuluko protagonistetako batzuk. Deustuko Unibertsitateko historialari Pedro J. Oiarzabalek idatzi du, eta bertan munduko euskaldunen eta sare sozialen arteko harremanari buruz mintzatu da. 

Choperenak iragarkian mugikorra munduko lagun eta senitartekoekin hitz egiteko erabiltzen zuen, artaldea zaintzen ari zela; bada, Oiarzabalek artikuluan azaltzen duenez, horrelaxe erabiltzen dituzte egun Diasporako euskaldunek sare sozialak: elkarren berri izan eta kultura mantentzeko tresna gisa.

Facebooken egoitzan

Iragan uztailean Facebook Stories-eko Jeffrey Gerson editoreak Oiarzabal kontaktatu zuen, eta harrezkero buruz-buru lan egin dute datuz josiriko ikerketa akademiko mardula artikulu bihurtzeko. "Aurtengo udan AEBetan izan nintzen eta Gerson aurrez-aurre ezagutzeko bisita egin nuen Facebook-ek Kalifornian duen egoitzara. Harrigarria izan zen Diasporako euskaldunen gaiari buruz zenbat zekien ikustea", azaldu dio Oiarzabalek EuskalKultura.com-i. Historialariak azpimarratu egin du enpresak gauzak argi utzi zituela hasieratik. "Marketing-ik ez zutela nahi esan zidaten, baizik eta Facebook-ek euskal Diasporaren komunitatean izan duen eragina jakitea".

"Facebook-ek milioika erabiltzaile ditu eta horien artean badira diaspora asko eta diaspora horiei buruzko aditu asko, horregatik oso interesgarria da geurea aukeratu izana", hausnartzen du Oiarzabalek. Ziur aski, historialariak arlo honetan egin duen lanak eta argitalpenek ere izan dute zerikusirik horretan. 2010ean, adibidez, Diasporas in the New Media Age (University of Nevada Press) liburua argitaratu zuen eta berriki artikulu bat idatzi du Journal of Ethnic and Migration Studies aldizkari espezialduan (Ulf-Dietrich Reips adituarekin batera) Diaspora, emigrazioa eta sare sozialei buruz. 

Aurki, euskaraz

Oiarzabalen aburuz Facebook "lupa bat bezalakoa da" eta sare sozialei esker "gauza oso lokalak global bihur daitezke" lupa horren azpian jartzen direnean. Hori dela eta, euskal kultura hor izateak duen garrantzia azpimarratzen du.

Euskaldunak sare sozialaren milioika erabiltzaileen artean 'ozeanoan ttantta bat' baino ez dira, agian, baina euren presentziaz eta euskararen erabileraz konturatu omen da Facebook. "Oso interesgarria da enpresa honek kultura eta hizkuntza gutxituekin duen harremana. Eurak izan ziren artikulua euskaratzea proposatu zutenak, adibidez", agertu du historialariak.

[Datozen egunetan argitaratuko omen da euskarazko artikulua. Horren berri eduki bezain pronto, lotura gehituko dugu]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia