euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fabio Aristimunhoren lana euskal, galiziar, kataluniar eta espainiar poesiaz gaur aurkeztuko da Madrilen

2009/07/29

'Poesías de Espanha' bildumaren aurkezpen ekitaldiko kartela
'Poesías de Espanha' bildumaren aurkezpen ekitaldiko kartela

PUBLIZITATEA

Gaur aurkeztuko da Madrilen, bertako Café Galdós-en, Fabio Aristimunho euskal-brasildarraren 'Poesías de Espanha: das origens à Guerra Civil' izeneko poesia bilduma. Euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar poesiei liburuki bana eskainita, Aristimunhok 1936. urtera arte idatzitako poesia biltzen du, autoreak berak aurretik Brasilen eginiko aurkezpenean esan zuznez. Madrilen, gaur arratsalderako dago deitua aurkezpena, seietatik aurrera eta Javier Diaz Gil poetak gidaturik.

Madril, Espainia. Apirilean Sao Pauloko Casa das Rosas aretoan aurkeztu zuen Fabio Aristimunho euskal-brasildarrak berak koordinatutako  Poesías de Espanha: das origens à Guerra Civil bilduma. Lau  liburukitan, euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar poesiak jasotzen ditu, hizkuntza hauetako bakoitzean idatzi den poesiaren hastapenetatik, 1936. urtea arte, Gerra Zibila delakoa piztu zen arte, egilearen hitzetan.

Bildumak jasotzen dituen idazleen artean, Bernat Etxepare, Jose Maria Iparragirre, Lauaxeta, Martim Codax, Rosalía de Castro, Manuel Antonio, Ausiàs March, Jacint Verdaguer, Bartomeu Rosselló-Pòrcel, Gonzalo de Berceo, Garcilaso de la Vega eta  Federico García Lorca dira. Euren lanekin batera poesia herrikoiak eta kantigak ere biltzen ditu lanak. 

Aurkezpena gaur izango da, Madrilgo Café Galdós-en. Javier Diaz Gil poetak gidatuko du ekitaldia eta lana aurkezteaz gain, aukera eskainiko da aipatu lau hizkuntzotan poesiak entzuteko. Aurkezpenaren eta poesia irakurraldiaren ondotik, bilduma estakuru, poesiaren inguruko solasa proposatuko da, 18:00etan hasita eta 21:00ak arte.

Fabio Aristimunho

Fabio Aristimunho Vargas irakaslea, idazlea eta abokatua da. Zuzenbidea eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Sao Pauloko Unibertsitatean (USP) eta ondoren Nazioarteko Zuzenbidean espezializazioa egin zuen USP-n eta Salamancako Unibertsitatean (Espainia). Euskal Ikasketetan Espezialista graduondokoa egin du Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioan eta Euskal Herriko Unibertsitatean.

Aristimunhok hainbat lan itzuli ditu portuguesera, horien artean Atlas: Correspondência 2005--2007, Joan Navarro poeta valentziarraren eta Pere Salinas artista plastiko kataluniarraren arteko kolaborazioa; eta La entrañable costumbre, Luis Aguilar mexikarrarena. Antologia Vacamarela: português, espanhol e inglês, poeta gazteen antologiaren ko-editore eta gaztelerara itzultzailea da. Bere blogean, http://medianeiro.blogspot.com brasildar literaturari buruzko berriak ematen ditu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia