euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fábio Aristimunhok euskal, galiziar, kataluniar eta espainiar poesia bilduma aurkeztuko du Sao Paulon

2009/03/30

Fábio Aristimunho Vargas idazlea
Fábio Aristimunho Vargas idazlea

PUBLIZITATEA

Fábio Aristimunho idazle eta itzultzaile euskal-brasildarrak 'Poesias de Españha, das origens à guerra civil' izeneko bilduma aurkeztuko du ostiral honetan Sao Paulon. Aristimunho bildumaren editore eta itzultzailea izan da. Bildumak euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar poesia aztertzen ditu, lau ale desberdinetan. Aurkezpena Sao Pauloko Casa das Rosas aretoan egingo da eta guda zibilak poesia hauengan izan zuen eraginari buruzko mahainguru batekin hasiko da. Eztabaida honetan Aristimunho bera eta Estebe Ormazabal, euskara irakasle eta Brasilgo Euskal Etxeko kidea, ariko dira, besteak beste. Ondoren bildumako poesien irakurraldia egingo da bost hizkuntzatan: euskeraz, katalanez, galegoz eta gazteleraz, eta bakoitzaren portuges itzulpena.

Sao Paulo, Brasil. Hedra argitaletxe brasildarrak Espainiako guda zibilaren bukaeraren 70. urteurrena gogora ekarri nahi du 'Poesias de Espanha: das origens à Guerra Civil' bilduma plazaratuz. Bilduma honek lau aletan euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar poesiaren historia jasotzen du, XII. mendean hasi eta guda arte. Bildumaren editore eta itzultzailea Fabio Aristimunho euskal-brasildarra izan da. Lanak gudak poesia hauetan izan zuen eragina azpimarratzen du, aurreko poesiarekin hautsi egin eta egile asko desagertu edo erbesteratu egin behar izan zutelako.

Bildumak jasotzen dituen idazleen artean, besteak beste, Bernat Etxepare, Jose Maria Iparraguirre, Lauaxeta (Poesia basca), Martim Codax, Rosalía de Castro, Manuel Antonio (Poesia galega), Ausiàs March, Jacint Verdaguer, Bartomeu Rosselló-Pòrcel (Poesia catalã), Gonzalo de Berceo, Garcilaso de la Vega eta  Federico García Lorca (Poesia espanhola) dira. Euren lanekin batera poesia herrikoiak eta kantigak ere biltzen dira.  

Mahaingurua eta irakurraldia

Bildumaren aurkezpena Casa das Rosas aretoan egingo da eta 19:00tan hasiko da guda zibilak poesia hauetan izan zuen eraginari buruzko mahainguru batekin. Eztabaidan parte hartuko dutenen artean Estebe Ormazabal, euskara irakaslea, Miguel Afonso Linhares, hizkuntzalaria eta gaztelera irakaslea eta Fábio Aristimunho bera izango dira.

Ondoren bost hizkuntzetan poesia irakurraldia egingo da eta hainbat idazlek bildumako liburuetako poesiak irakurriko dituzte euskaraz, galegoz, katalanez eta gazteleraz, portuges itzulpenarekin. Irakurleak Paulo Ferraz, Alan Mills, Andréa Catrópa eta Dirceu Villa idazleak izango dira, besteak beste. Irakurraldiaren ostean bildumako poesi herrikoien kantuen bideoen emanaldia egingo da.

Ekimenak honako erakundeen babesa du: Institut Ramon Llull, Casa das Rosas, Brasilgo Euskal Etxea, Associação Cultural Catalonia, Coletivo Vacamarela eta Cervantes Institutua.

Fábio Aristimunhori buruz

Fábio Aristimunho Vargas irakaslea, idazlea eta abokatua da. Zuzenbidea eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Sao Pauloko Unibertsitatean (USP) eta ondoren Nazioarteko Zuzenbidean espezializazioa egin zuen USP-n eta Salamancako Unibertsitatean (Espainia). Euskal Ikasketetan Espezialista graduondokoa egin du Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioan eta Euskal Herriko Unibertsitatean.

Aristimunhok hainbat lan itzuli ditu portuguesera, horien artean Atlas: Correspondência 2005--2007, Joan Navarro poeta valentziarraren eta Pere Salinas artista plastiko kataluniarraren arteko kolaborazioa; eta La entrañable costumbre, Luis Aguilar mexikarrarena. Antologia Vacamarela: português, espanhol e inglês, poeta gazteen antologiaren ko-editore eta gaztelerara itzultzailea da. Bere blogean, Medianeiro brasildar literaturari buruzko berriak ematen ditu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia