euskal diaspora eta kultura
2008/08/04
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Ikasle talde bateko buru Santiago Bideko azkeneko zatia egiten ari zela hil da Felix Menchacatorre, erromesaldi hori Frantzia eta Espainiako egonalditan dauden USACeko ikasleei hautazko jarduera gisa eskaintzen baitzaie. Felix Menchacatorre Egañak 59 urte zeuzkan eta getxoztarra zen. Deustuko Unibertsitatean Legeetan lizentziatua, Literatura Espainiarrean doktoratu zen AEBetako Cincinnatiko Unibertsitatean. Hogeita bost urtetik gora zeramatzan irakasle edo ardura karguetan Nevada-Renoko Unibertsitatean egoitza nagusia daukan USAC partzuergoan, Donostiako zein Bilboko bulegoetan. Izan ere, gaur egun Estatu Batu mailako erakunde bilakatua den USAC --Kanpoan Ikasteko Unibertsitate Partzuergoa--, euskal programa gisa hasi zen, jatorri euskalduneko ikasle estatubatuarrak Euskal Herrian ikasteko egitarau gisa, geroztik bere esparrua mundu osora hedatu bada ere.
Irakasle lehenik eta zuzendari ondoren, Donostian hasieran, ondoren Bilbon, bere lanari esker USACek Madril eta Alacantera ere zabaldu zituen egoitza eta programak. Aurten bakarrik, zazpiehun gaztek parte hartuko dute programotan. Espainiako estatuan garatzen zuen lanaz aparte, USACek mundu osoan zabaldu dituen beste egoitza eta programetan ere ari zen, eta estu lan egiten zuen Renon jarduera guztien zuzendari den Carmelo Urza euskaldunarekin.
Hileta elizkizunak gaur Getxoko Andra Marin
Izan ere Renotik lagun ona zuen Carmelo Urzaren hitzak erabiliz, "Felix maite zuena egiten ari zela hil da, lagunek eta lankideek inguratuta. Egiazko humanista zen eta zinez arduratzen zen bere ikasleez. Leiala zen, gaitasun eta integritate handiko gizona, hitzekoa, bere ikasle, lagun, familia eta USAC-i guztiz emana bizi zen pertsona. Oso lagun ona zen USACeko familia osatzen dugun guztiekiko, umore zentzu itzela zeukan eta bizia osotasunean bizi izan zuen. Bere hutsunea zinez nabarituko dugu, baina bizitzako lanak aurrera egingo du eta segituko du izaten oihartzun positiboa askoz ere bizitza gehiagotan".
Bere aldeko hileta elizkizunak gaur astelehenez egingo dira, arratsaldeko zazpietan, Getxoko Andra Mari elizan. Lerro hauetatik, gure doluminak bere emazte Mercedesi, seme-alaba Patrick eta Katherineri, familiako gainerakoei, lankide eta lagunei, bereziki Patricia O'Connor eta Carmelo Urzari.
Lotura interesgarriak
USACeko webgunea
http://usac.unr.edu
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus