Bogota, Kolonbia. Etxepare Euskal Institutua bultzatzaile duen ‘Euskal Leihoa’ egitasmoaren bidez, aukera ederra izango dute aurten ere zenbait euskal sortzaile eta artistek Kolonbiako publikoaren aurrean jardun eta euren lana bertan erakusteko. Atlantikoa zeharkatuko duten lehenak Ezpala taldeko musikariak izango dira, euren 'Ezpalak Gatza Tour' biraren barruan ostera azkar bat egin eta Bogotan Gatza albuma aurkeztuz. Kontzertua BIME jaialdiaren baitan izango da, maiatzaren 6an.
Ezpalak taldeari buruz, 2019an sortu zuten Zestoan (Gipuzkoa) eta urte hauetan, eta lau lan diskografikorekin, musika alternatiboaren erreferente bilakatu da. Gaur egun laukotea osatzen dute Juanjo Berasainek (ahotsa), Eñaut Gaztañagak (gitarra), Unai Eizagirrek (baxua) eta Janardana Iglesiasek (bateria). Informazio gehiago, hemen.
Ezpalak-en 'Lalalalala', Gatza azken laneko parte (2024)
Antzerkia eta dantza
Euskal Herriko artistek Kolonbian eskainiko dituzten lanekin jarraituz, ekainaren 6an eta 7an ´Erreka Mari´ (‘Cola de Pez’) taularatuko du Doña Perfectita konpainiako Egoitz Sanchezek Bogotako Teatro Mayor antzokiko Teatro Estudio Aretoan. “´Erreka Mari´ ikuskizun oniriko kopleroa da, material autobiografikoan oinarritutako fikzioa, pertsona bakarreko pieza, obrak berak publikoarekin eta antzezlearekin hitz egiten du”, azaltzen du Javier Lara zuzendariak. Informazio gehiago, hemen.
Dantza, bestalde, OSA+MUJIKA konpainiaren eskutik iritsiko da Bogotara. Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak zuzendutako ´Suddenly III´ ikuskizuna uztailaren 4an eta 5ean eskainiko dute Teatro Mayor antzokiko Teatro Estudio Aretoa. Sarrerak, hemen.
‘Suddenly III’en trailerra
Musika
‘Euskal Leihoa’ egitasmoaren Bogotáko atala ixteko Kolonbiako hiru musikagileri egindako omenaldi bat eskainiko du Sigma Project taldeak. Andres Gomisek, Angel Soriak, Alberto Chavesek eta Josetxo Silguerok osatutako saxofoi laukoteak Carolina Noguera, Juan Antonio Cuellar eta Rodolfo Acosta konpositore kolonbiarren lanak biltzen dituen proiektu diskografiko berria aurkeztuko du. Kontzertua urriaren 26an izango da, goizeko 11etan. Sarrerak hemen.