euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ezagutzen al duzu La Platako Euzko Etxearen Aisialdi Gunea? Kirola, aisia, natura eta gaua parkean pasatzeko aukerarekin

2023/10/27

La Platako Euzko Etxeak hiri parkean antolatutako jarduera batzuen postalak
La Platako Euzko Etxeak hiri parkean antolatutako jarduera batzuen postalak

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Dozenaka euskal etxe daude munduan, asko antzekoak edo eredu berekoak, baina bakoitza bere proiektu, ezaugarri eta ekinmoldearekin. Guztien artean, baina, La Platako Euzko Etxeak City Bell herrian duen lur sailak erabat bakar eta paregabe bihurtzen du bere proiektua. Herritarrek egunero bisitatzen dute, naturarekin kontaktuan egoteko edo bere kirol-instalazioak erabiltzeko. Asteburuetan bisita gidatuak har daitezke, ingurumen-arazoez jabetzen laguntzeko, eta gaua alokairuan dituen geletan igaro daiteke.

Parkeak 61 hektareako azalera du, eta horietatik 50 baso trinkoa dira, eukaliptusak eta bertako flora eta fauna ugari daukatenak, oinez edo bizikletaz ibil daitezkeen hainbat bidezidorrekin. Gainerako 11 hektareetan, errugbi eta futbol zelaiak, arku-tiroa praktikatzeko gune isolatu bat eta zenbait eraikin daude: zaintzailearen etxea, 100 lagunentzako parrilla duen aretoa, ibiltarientzako komun publikoak, gaua igaro nahi duten bisitarientzako 3 logela eta bertako landareak hazteko negutegiarekin.

Sagarrak, mahatsak, basaranak eta piperrak Euskal Herritik City Bellera

La Platako Unibertsitate Nazionaleko eta Arturo Jauretche Unibertsitate Nazionaleko irakasle eta agronomiako ikasleek maiz erabiltzen duten tokia da, basogintza praktikak egiteko eta flora eta fauna ezagutzearren. Bertako mintegian, sagardoa egiteko Gipuzkoatik ekarritako bi sagar mota ugaldu dira (Urtebete eta Moko). Baita ere txakolina egiteko hogei bat mahats landare (Hondarribi Zuri), patxarana egiteko basaran-landareak eta bi piper mota: Ezpeletako biper famatua eta pipermina, biak preziatuak oso euskal eta oro har munduko sukaldaritzan.

Kirola eta aisialdia


Berrehun kirolari baino gehiagok hartu zuten parte Eskualdeko Arku-Tiro Txapelketan

Argentinako Scout taldeak ere badatoz, asteburuetan kanpamentuak egiten baitituzte, baita hiriko hainbat eskolatako ikasleak ere. Euskal Etxeak ere bertan garatzen ditu bere kirol eta jolas jardueretako batzuk. Azken ekitaldi garrantzitsu bat Arku-Tiro Eskualde-Txapelketa bat izan da, duela pare bat aste egindakoa, berrehun kirolari baino gehiago partaide. “Bertan egiten diren jarduerek euskal etxe batek egiten dituen ekintza tradizionalen osagarri dira eta gure komunitatean sakonago txertatzeko aukera ematen digute. Oso proiektu eskuzabala da, espazioko ateak herritar guztiei zabalik baitaude, asteko egun guztietan”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euzko Etxeko lehendakari Javier Cluak.

Ezagutzea merezi duen lekua da. Natura protagonista duen asteburu zoragarri bat igaro nahi baduzu, Euzko Etxearen Aisialdi Gunea aukera bat da doaike. Bainugelak eta dutxak, kintxo parrilladuna eta doako aparkalekua ditu. Oherako arropa eta eskuoihalak norberak ekarri behar ditu. Eskuragarritasuna kontsultatzeko deitu Ricardo Galiñski-ri 221 566 0515 telefono-zenbakira.

- Aisialdi Gunea 154 kalean dago, 446 eta Carnaval erreka artean
Euzko Etxeko Parkea Google maps-en ikusteko esteka



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia