Buenos Aires, Argentina. Koronabirusak sortutako panorama berri honek ohiturak berrikusi eta moldatzera behartu gaitu. Zauden hiri, eremu edo herrialdearen arabera, gaur egun ez da erraza –kasu batzuetan posible ere ez– lagunekin elkartu eta ospatzea. Urtero txupinazo ospetsuarekin hasten diren Sanferminak, iaz bezala, aurten irudikatu behar izan ditugu, alegia irudi bidez bizi eta sentitu. Gauza da inporta zaizkigun gauzak ez oharkabean pasatzea. Eta Sanferminak ez dira Diasporan oharkabean pasa. Ospatu, ospatu egin dira, baina egoera berrira moldatuta, jakina..
Euskal eta nafar etxe gehienek sareetan adierazi dute San Fermin jaiekiko atxikimendua. Batzuek, online bilduz, Paranako Urrundik kasu, eta elkarte bat baino gehiagok bere sukaldariak jarri ditu lanean "San Fermin menua" prestatu eta bazkide eta sanferminzaleei eskaintzeko, bakoitzak bere etxean otortua tarteko ospa zezan. Izan dira elkarretaratze normal samarretan bildu direnak, fisikoki, hala nola British Columbia kanadatarreko Zazpiak Bat euskal etxekoak, txupinazoa, musika eta Gaixoa ni eta guzti zeukan aire libreko piknik deialdiarekin... edo, Argentinako lau nafar etxeen kasuan bezala, euren lau lehendakarien agurra online bidali dutenak, gero online programa oso bati bide emateko, aurreko artikulu batean bildu genuenez.
Sanferminak ospatzeko deia, Kolonbiako Barranquillatik Karibeko Euskal Etxeak egina
Buenos Airesko Nafar Etxeak zenbait proposamenekin egin zuen bat
Beste batzuk egunpasa oso gatekin, aurrez-aurre, txupinazoa, musika, Gaixoa ni...
Musuko eta guzti La Platako Euzko Etxeak aurrez-aurreko deia egin zuen
Bolivarko Nafar Etxekoek ez zioten muzin egin urteko euren festa nagusiari
Diasporak indar gehien duen Argentinan, hiri gutxi batzuetan osasun egoerak hobetu du azken egunetan, eta indarrean dauden prebentzio neurriak hartuz, bazkide eta lagunak jaso ahal izan dituzte euren egoitzetan. La Platako Euzko Etxea, joan den uztailaren 9an, San Fermineko jaiaren ageratoki bihurtu zen. Eta denetik eskaini zien gonbidatuei: txupinazoa, puxikak askatzea, musika eta dantzak, bazkari ederra… Hona EE aurreko dantza emanaldia musukoekin.
Gaur uztailaren 14a da, aurtengo ez-sanferminei azken agurra emateko eguna, eta azken agur hori emateko Txinaraino mugituko gara, bertan, Shanghaiko Euskal Etxea tarteko, sanferminzaleak ez baitiote muzin egin festari eta ospatu ahal izan baitute "Shang Fermin". Iruñea zaharrean bezala peñen pankarta modukoak ere ikusi ditugu, eta jendea gorriz eta zuriz jantzita, zapia eskuan ‘Gora San Fermin/Viva San Fermin’ oihukatuz [ikus argazki galeria].