Fresno, AEB. Indartsua da euskaldunen gogoa, eta maiatzaren 2a Kaliforniako Fresnoko Euskal Piknik eta Besta egiteko eguna bazen (Covid-19agatik bertan behera utzia), koronabirus guztien gainetik bertako euskaldunek nahi ukan dute eguna gogoan atxiki eta hala edo hola ospatu, zubilana eginez piknikaren datorren urteko edizioarekin. Fresnon Santa Fe euskal ostatua duen Etchechury familiak, internetez ospatu du Piknik eta besta, eta irudiak banatu ditu, Fresnoko eta kanpoko euskaldun guztiek bat egin ahal izan zezaten.
Facebookez eman diren irudiek urtero ospatzen den besta honetara etortzen direnetako askori eman die animoa, uda osoko euskal festak bertan behera geratu diren udaberri eta uda honetan.
Pikniketako euskal osagai ikusgarrienetako batzuk bildu dituzte, Etchechurytarrak familia talentuduna baitira, eta heien bestan ez dute hutsegin euskal dantzek, akordeonaren musikak, klikak, kantuek eta, bereziki, umore onak. Irudietan ikusten dira Jean-Pierre (iragarle eta klikako klairona) eta Manuela Etchechury (akordeoia) senar-emazteak; euren seme-alaba Panpi Etchechury (dantza, klikako klairona) eta Dominique Etchechury (dantza); eta Emma Manley (dantza), guztiak Kalifornan sortu euskaldunak. Biba ziek!
Zorionak eta segi hola-hola! (ikus bideo eta argazkiak)