La Plata, Argentina. Argentina pandemiako laugarren olatua pairatzen ari den arren, aurreko bizimodura itzultzeko gogoak ez du atzera egin euskal etxeetako bazkideen artean. Horren adierazgarri izan da pasa den larunbatean La Platako Euzko Etxeko euskara irakasleek antolatu zuten bazkari goxo eta arrakastatsua. Izan ere, topaketa antolatu ez ezik, janaria ere gaur egun euskal elkarte laplatatarrean euskara irakasle diren bost gazte argentinarrek eurek prestatu zuten.
La Plata hiriak euskara ikasteko eskaintza interesgarria biltzen du. Euskal Etxeko eskolez gain, La Platako Unibertsitate Nazionalean ere euskara eta euskal kultura irakasten da, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen irakurletzari esker. Bertako ikasleek ere parte hartu zuten topaketan, gonbiteari erantzunez Buenos Airesko Euskaltzaleak-etik etorritakoo ikasle multzo gogotsu batekin batera. Bapo bazkaldu, eta euskal kanta tradizionalak abesteko unea iritsi zenean, Euzko Etxeko abesbatzako zuzendari berriak, Monica Dagorretek, jendea lagundu zuen kantuan teklatuarekin.
La Platako Euzko Etxeko eta UNLP Etxepare Euskal Institutuko irakasleak
Ikasle-irakasleak larunbatean La Platan kantari, Monica Dagorret koru zuzendaria animatzaile
Euskal Herritik hamar mila kilometrora egonik ez da erraza suertatzen euskaraz aurrez aurre mintzatzeko solaskideak topatzea. Hortik honelako ekimenen balio handia. Euzko Etxean irakasle den Juan Manuel Yacominik halaxe azaltzen dio EuskalKultura.eus-i: “Oso garrantzitsua da guretzat taldeen arteko harremana, eta horregatik gustatzen zaigu tarteka bazkari edo afariren bat antolatzea, irakurletzako ikasleekin ere, euskara ikasle guztien, eta irakasleen bilgarri. Hirurogei bat lagun elkartu gara honakoan eta guretzat motibagarria izan da oso, ikasleentzat zein irakasleontzat.” Iritzi berekoa da Sabrina Otegui, La Platako Unibertsitateko euskal irakurlea: “Oso balorazio ona egin dezakegu. Pandemiaren hasi osteko honelako lehen topaketa izan da eta irakurletzako ikasle asko animatu eta disfrutatu zuten”.