euskal diaspora eta kultura
2008/08/22
PUBLIZITATEA
Santiago, Txile. Ehundik gora lagun bertan zirela egin zen asteazkenean, abuztuak 20, premiaz deiturik, Santiagoko Euzko Etxeko Ezohiko Biltzarra, euskal elkarte horri lotutako Inmobiliaria Vasca izeneko elkarte anonimoko zuzendari diren Félix Halcartegaray Reyes, Eukeni Gallastegui eta Raúl Duhaldek hala galdeginik. Inmobiliaria Vasca da, izan ere, Euzko Etxearen egoitza den Vicuña Mackenna kaleko higiezin eta orubearen jabea, eraikina Iruarrizaga arkitektoak euskal baserri baten itxuraz Euzko Etxearen egoitza izateko propio eraikia.
Biltzarra, aipatu hiru zuzendariek, bildutako bazkideen aurrean aurkeztu nahi zuten proposamen bat azaltzeko zen, eskaintza bat jaso baitu elkarteak oraingo egoitza konpainia eraikile bati saldu eta Euzko Etxearen egoitza hiriko auzo garaiagotara aldatzeko, egungo kokapenarekin, diote operazioa bultzatu nahi dutenek, "bazkideen kopurua murrizte aldera egiten baitu, urrun baita egungo bazkideak bizi diren tokietatik".
Saldu eta egoitza berri batera pasa
Aldaketa hori nahi dutenen aurrean, egungo eraikinean segitzearen alde daudenak azpimarratzen dute inoiz egon diren arazoak, "auzoa behera etorria zela eta honelakoak" desagertuak direla honez gero, "negozio gatazkatsu batzuk" desagertu egin baitira eta euren ordez eraikin berriak jaso egin baitira Euzko Etxearen inguruan. Bestalde, Providentziako Udalak hilabete gutxi barru hasi behar omen ditu Udal Antzokia eraikitzeko lanak Euzko Etxetik hiru koadratara erabilera publikoko 450 aparkatzeko tokirekin.
Inmobiliaria Vasca-ko zuzendariek egungo lekua saltzeko aipatu proposamena mahaigaineratu zuten, Santiagoko enpresa ezagun batek egina, honek egungo tokia erosi eta Las Condes hiribideko beste toki jakin batera pasatzea proposatzen duelarik, medilerrora gertuago, hiriko auzo garaiago batean.
Proposamenak orube berrian egun dagoen eraikina birmoldatzea eskatuko luke, eta kirol instalazio berriak eraikitzea, tartean pilotalekua, teniserako kantxak, igerilekuak prestatzea eta beste zenbait doikuntza egitea egoitza berri hipotetikoa izango zatekeen horretan.
Adostasun eza eta batzorde bat osatzea
Egoitza soziala aldatzeaz ez zuen adostasunik bildu. Eztabaidatu egin zen eta berehala nabarmendu zen kontrajarritako jarrerak daudela. Eztabaida, aldiz, beste puntu batera ekarri zen, alegia saldu nahi izatekotan, zein egoeran dagoen Inmobiliaria Vasca, hori egin ahal izateko, eguneratu eta taxutu gabe baitu bere lege egoera akzio jaulkipenei eta egin beharreko egokitzapenei dagokienez.
Egoera hori izanik, batzorde bat osatzea erabaki zen, partaide Euzko Etxeko lehendakari Jose Maria Narvarte, Inmobiliaria Vascako zuzendari Eukeni Gallastegui, eta Jose MIguel Mingo eta Gonzalo Linazasoro bazkideak. Batzorde hau gauzak eguneratzen eta legearen arabera ezartzen saiatuko da, eroago, eskaintzek jarraitzekotan, egiazko erabakitik hartu ahal izateko. Batzuen iritziz, nahikoa lan.
Lotura interesgarriak
Santiagoko Euzko Etxeko webgunea
www.euzkoetxea.cl
Euzko Etxea eta Txileko beste zenbait euskal elkarteren historia laburra
Euskomediako orrialdeetan (pdf)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus