La Plata, Argentina. Euzko Etxean astearte goizalde honetan sortutako sute batek alarma eta sustoa eragin ditu La Platan. Sua Euzko Etxeko eraikinaren beheko solairuan, jatetxe aldean hasi omen da, 14 eta 58 kaleen izkinan dagoen egoitzan. Bizilagun baten abisuari esker, suhiltzaileak agudo bertaratu eta berehala kontrolatu ahal izan dute fokua. Zorionez, ez da kalte materialik suertatu, baina bai zenbait galera material.
Ikerketak ondoriozta dezakeena ezagutzeke, akats elektriko batek eragin duelakoan daude. Sugarrek kalteak eragin dituzte hormetan eta altzarietan eta, besteak beste, mahaietako oihalak, kafe-makina elektrikoak, salgaiak, tresna batzuk eta kutxa erregistratzailea, barruan zeukan diruarekin, suntsitu dituzte. Suhiltzaileek azkar esku hartu dutenez, sua ez da zabaldu eraikineko gainerako sektoreetara. Hala ere, kea eta kedarra Euskal Etxeko gela eta areto guztietaraino heldu dira, lehen solairuan kokatutako idazkaritza eta Matxin Burdin Liburutegia barne.
Jatetxearen eremuan piztu da sua, ustez elektrizitate-akats baten ondorioz
Euzko Etxetik Euskal Kultura.eus-i jakinarazi zaionez, jatetxeak itxita segitzen du, eta atzoko ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren, Hala ere, eta zalantzarik egon ez dadin, “Eguzkipean” Kanpamenduak ez du inolako aldaketarik izango eta programa iragarritakoaren arabera gauzatuko da datorren asteburuko larunbat-igandez, martxoaren 9ko eta 10ean, euskal etxe laplatatarra gogo bereziz antolatzaile.
Elkartasunez, animo La Platako lagunok!