La Plata, Argentina. Bihar bertan gertatuko denarekin hasita, Paella Lehiaketaren 6. ediziora gonbidatzen du Euzko Etxeak. Ekitaldia ostiralean, ekainaren 9an izango da, eta taldeka har dezakete parte sukaldariek. Urtero bezala, hiru talde sarituko dituzte epaileek, lehenengo, bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak. Sukaldariak arratsaldean hasiko dira lanean; publikoa, ordea, 21etan dago gonbidatuta.
Euskal Musika Tradizionala
Euskal Etxeak eskaintzen duen ekintzen programa zabalean beste aktibitate berezi bat sartuko da hilabete honetan. Euskal musika tresna tradizionalak jotzen ikasteko tailerra Iñaki Esquiroz irakaslearen esku egongo da eta astearte eta ostiraletan izango da, 19etatik 21etara, Euskal Etxean. Gogora dezagun Iñaki Esquiroz Zutarriak musika taldearen buru dela.
Akordioak
Ezaugarri ezberdinetako hitzarmenak sinatu ditu Euzko Etxeak urte hasieratik hona. Maiatzaren 29an La Platako Herrialde Katalanetako Etxearekin abiatutako hitzarmenaren baitan elkarrekin lan egiteko hitza eman zuten bi erakundeek. Euskal etxetik azaldu zaigunez “orain arte egindakoari marko bat jartzeko balioko du. Azken urte hauetan guk euren ekitaldietan hartu dugu parte eta haiek gureetan; eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu, batez ere Euskal Herriak eta Kataluniaren erabakitzeko eskubideari buruz hitz egiteko guneak sortze aldera”.
La Platako Unibertsitate Nazionalarekin ere sinatu du akordio bat Euskal Etxeak, zehatz mehatz Unibertsitateko Nekazaritza Zientzia eta Arte Eder fakultateekin. Nekazaritza Zientzia Fakultatearekin landareen datu-bilketa egiten ari dira Euskal Etxean kirol zelaian. Arte Ederren Fakultatearekin ikertzen ari den proiektua Euskal Etxearen aurrean mural bat margotzea da.
Umeei begira, Euskal Etxearen auzoan dauden Joaquin V. Gonzalez eta Bernardino Rivadavia institutuekin sinatu ditu Euzko Etxeak bi akordio; bietan hitzartzen da institutuetako neska-mutilek musutruke hartu ahal izango dutela parte euskal etxeko kultur eta kirol ekintzetan.
Akordio berriena hiriko Universidad del Este ikastetxearekin sinatuko du Euskal Etxeak, ekainaren 14an (honi berrizko informazio gehiago, hemen).
Batzorde berria
Maiatzaren 28an egindako Ohiko Biltzar Orokorrean, honako kide hauek aukeratu ziren Zuzendaritza Batzordea osatzeko:
-Lehendakaria: Javier Clúa
-Lehendakariordea: Jorge Batiz
-Idazkaria: Iñaki Azcarate
-Idazkariordea: Maria de los Angeles Berrueta
-Diruzain: Sergio Ochotorena
-Diruzainorde: Patricia Pulido
-Batzordekide titularrak: Andoni Etcheverry, Juan Carlos Zubia, Carlos Irisarri, Maria Eugenia Guerra, Marcelo Ochotorena, María Fernanda Astigarraga
-Batzordekide ordezkoak: José Orbaiceta, Camila Pulido Olano, Celina M. de Oca, Magdalena Pastor Pulido, Gustavo Ugarte, Andoni Azcarate
-Kontu ikuskatzaile titularrak: Federico Zamalloa, Pedro Berrueta
-Kontu ikuskatzaile ordezkoak: Miguel Auzmendi, Cesar Etcheverry
-Ohorezko Epaimahaiko kide titularrak: Felipe Ochotorena, Juan Jose Umaran, Iñaki Aramayo Lazcano
-Ohorezko Epaimahaiko kide ordezkoa: Miren Torre