Villa María, Argentina. Musika, dantza, edari eta janari tipikoen dastaketen bidez Villa Mariako gizataldeek euren sustraiak omendu ohi dituzte eta hiriaren garapenean lagundu zuten immigranteen memoria ohoratu, eta halaxe izan da joan den larunbatean ere, azaroaren 9an, Gizataldeen Jaiaren 2024ko edizioa ospaturik hiriko Euzko Etxea partaide. "Leonardo Favio" Kultur Etxe Komunitarioan kultura hedatzeko stand bat ezarri zuen euskal etxe villamariatarrak eta bertatik pasa ziren bisitariek, besteak beste, euskal sagardoa txotxean dastatzeko aukera izan zuten, hemen euskal jai batzuetan bakarrik ikus daitezeen gauza. Jaiko parte ere, baina Bizitzaren Parkean irekitako stand gastronomikoan, pintxoak, patata tortilla eta piperrada, postrerako natilla, eta edateko kalimotxoa eskaini zituzten, eta bertako oholtzan Donostiako danborradaren emanaldi txalotua egin zuten.
Euzko Etxeko lehendakari Emilia Sugasti harrera egiten Villa Maríako intendente Eduardo Accastellori
Euzko Etxeko abesbatzako eta Danborradako kideak, batzordeko kide eta bazkide batzuekin
Festa iluntzean hasi zen eta igande goizaldera arte luzatu zen. Musika-ikuskizun ugari bildu zituen, bertako artista ezagunak protagonista, eta eskaintza gastronomiko oparoa ere dastagai. "Ekitaldia ederki atera zen, saio artistikoak mota ugaritakoak izan ziren eta espero baino jende gehiago bildu zen, beraz, bikain, sorpresa atsegina izan zen. Ekimen baliotsua da hau guretzat, herrian presentzia duten gainerako gizataldeekin harremantzeko aukera berezia ematen baitigu. Eta oso atsegina izan zen, gainera, ikustea elkarte gisa sortarazten dugun interesa eta gure proposamenak lortzen duen arrakasta. Egiari zor, dagoeneko irrikaz gaude dagoeneko hurrengo edizioaren zain", aitortu dio Euskalkultura.eus-i Euzko Etxeko kide eta euskara irakasle Florencia Denizek.
Gizataldeen Jaia elkarlanean antolatzen dute Villa Mariako Gizataldeen Foroak, Gobernu, Kultura eta Harreman Instituzionalen Idazkaritzak, Kirol eta Turismo Erakundeak eta Kultura Idazkariordetzak. Aurtengo edizioan, Euzko Etxearekin batera partaide aritu dira Familia Piamontesa Elkartea, Boliviako Komunitatea, Siriar Libanoko Elkartea, Dante Alighieri Elkartea, Espainiako Elkartea, Balear Etxea eta Israeldar Elkartea.