euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euzko Etxea partaide izan zen Ama Kandidaren kanonizazioaren La Platako ospakizunetan

2010/12/10

Euzko Etxea Euskal Etxeko dantzariek euren dantzak eskaini zituzten La Platan Ama Kandidaren omenez
Euzko Etxea Euskal Etxeko dantzariek euren dantzak eskaini zituzten La Platan Ama Kandidaren omenez

PUBLIZITATEA

Urriaren 17an Ama Kandida euskalduna santu egin zuen Benedikto XVI.a Aita Santuak Vatikanon. Bitartean, Argentinan, La Platako 'Corazon Eucaristico de Jesus' Eskolako agintariek bertako euskal etxeko kideak gonbidatu zituzten Jesus-en Alabak kongregazioaren sortzailearen omenez Buenos Aires probintzia hiriburuan egin ziren ospakizunetara. Ohoratze programa oso bat gauzatu zen urria eta azaroan, tartean, Eucaminata izeneko ibilaldia, meza, erakusketak, euskal etxeko dantzari eta abesbatzaren emanaldiak, Teatro Argentino-ko Kamerata Akademikoaren kontzertua eta Colegio Eucaristico koruaren aurkezpena.

La Plata, Argentina. Juana Josefa Cipitria y Barriola zen bere izen zibila edo Candida Maria de Jesus izen erlijiosoa, nahiz eta bere inguruan Ama Kandida bezala zen ezagunagoa. Andoain-en, Gipuzkoan, jaio zen 1845 urtean. Bere bizitzako obra eta emaitza bezala Jesusen Alabak kongregazioa sortu zuen, heziketa katolikoa bultzatzeko asmoz, gauregun hamazazpi lurraldetan dagoen ordena.

Joan den urriaren 17an, Benedikto XVI. Aita Santuak santu egin zuen Ama Kandida eta kari horretara La Platan, Corazon Eucaristico de Jesus Eskolako agintariek bertako Euzko Etxea euskal etxeko kideak La Plata hirian egin ziren ospakizunetan parte hartzera gonbidatu zituzten.

Ama Kandidaren kanonizazioa 2010 01

[Urriaren 10ean elizkizunak ospatu ziren La Platako Katedralean]

Hasteko, Eucaminata izeneko ibilaldia burutu zen hiriko kaleetan. Urriaren 10ean, berriz, meza egin zen Katedralean. Elizkizunetan, Argentinako bandera eta ikurriña elkarren ondoan egon ziren.

Azaroaren 12 eta 13an, aipatu eskolako ikasle ohien batzordeak antolatutako erakusketa ikusgai ipini zen eskolako egoitzan. “Argazkiak, jantziak, eskolako tresnak… Ama Kandidaren idealak islatzen zituzten beste garai bateko gauzak” bilduz, azaldu dute ekimeneko arduradunek. 13an, Euzko Etxeko abesbatzak eta dantzari helduek abesti eta dantza emanaldiak egin zituzten Ama Kandidaren eta urteotan Euskal Herritik La Platara heldu diren hamaika erlijiosoen omenez.

Ama Kandidaren kanonizazioa 2010 022

[La Platako Euzko Etxeko abesbatzak bere euskarazko errepertorioa eskaini zuen ekitaldian]

Ama Kandidaren kanonizazioa 2010 03

[“Teatro Argentino”ko Kamerata Akademikoa]

Azkenik, eta ekitaldi programa bukatzeko, azaroaren 25ean, La Platako Teatro Argentino-ko Ginastera Aretoan bertako Kamerata Akademikoak Mozart, Vivaldi eta Elgar-en piezak interpretatu zituen. Dantzak ere ikusi ahal izan ziren omenaldiaren amaierako zeremonian. Euzko Etxeko dantzariek Aurresku, San Migel, Ezpata dantza, Plazara, Fandango eta Arin Arin eta Arku dantza dantzatu zituzten.

Ama Kandidaren kanonizazioa 2010 04

[Euzko Etxea Euskal Etxeko dantzari ertainek Arku dantza egin zuten]

Ospakizuna, Eskolako abesbatzaren aurkezpenarekin bukatu zen. Probintziako nagusi Ama Gracielaren hitzen ondoren, koruak Ave María, Pie Jesu eta Ama Kandidaren omenezko ereserkia abestu zituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia