euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euzkadiko Gudontzidiko azken kidea den Juan Azkarateri omenaldia egingo zaio gaur Donostiako Untzi Museoan

2016/10/04

Omenaldiko kartela
Omenaldiko kartela

PUBLIZITATEA

Juan Azkarate Araucua Euzkadiko Gudontzidiko kideen artean bizirik geratzen den azkena da. Bermeon jaioa, 14 urte besterik ez zituela Araba bou-an aritu zen, bigarren zerbitzari eta metrailadore-laguntzaile. Gaur goizean omenaldia egingo zaio Donostian, Euzkadiko Gudontzidiaren 80. urteurrenagatik (Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko) Untzi Museoa antolatzaile, Matxitxako Elkartearen laguntzaile, antolaturiko ekitaldien barruan.

Donostia-San Sebastian. Euzkadiko Itsas Gudontzidiaren 80 urte betetzen dira aurten eta omenaldia egingo zaio gaur astearte goizeko hamaika t'erdietan Donostiako Untzi Museoan Juan Azkarate Araucua-ri, Gudontzidiko kideen artean bizirik geratzen den azken pertsonari.

Ekitaldian Juan Pardo San Gil historialariaren lana ere aipatuko da, Untzi Museoko ohiko kolaboratzailea 2013an hil zen arte. Pardok itsas historia hartu zuen bere ikerkuntzen gai nagusitzat, Euzkadiko Gudontzidiaren ingurukoa bereziki. Beren alaba Oihane Pardo arduratu izan da aitaren lana zabalarazten, Shanghaiko Euskal Etxean eginiko erakusketa adibide.

Juan Azkaraterekin batera bertaratuko dira omenaldira Denis Itxaso Gipuzkako Foru Aldundiko Kultura Diputatua; Jaime del Río, Matxitxako Elkartearen izenean; eta Soco Romano, Untzi Museoaren arduraduna, besteak beste.

Euzkadiko Gudontzidiaren 80. Urteurrena gogoratzeko eta itsas armada honetan parte hartu zutenak omentzeko asmoz, Untzi Museoa, Matxitxako Elkartearen laguntzaz, oroitzapenezko hainbat ekitaldi garatzen ari da Museoan. Horien artean kokatzen da gaurko omenaldia.

Euzkadiko Gudontzidia, 1936-1939

Euzkadi'ko Gudontzidiaren Laguntza’ko Ontzitaldea (labur beharrez, Euzkadiko Gudontzidia) Gerra Zibilean parte izandako unitate militar bitxia izan zen, ziurrenik aski ezezaguna gainera. Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailak sortu zuen Errepublikako Armadari laguntzeko itsas trafikoa eta arrantza lanak babesten laguntzeko, eta euskal portuen sarrera-irteerak urpeko minetatik libre izateko. Gerraren bilakaera politiko eta militarrak baldintzaturik, Penintsulako iparralde osoa Errepublikako gainerako lurraldeetatik bereizita gelditu ondoren, Gudontzidiak guztizko autonomia lortu zuen, izatez eta langintzaz, Errepublikako Itsas Armadarekiko. Egoera horretan izan zuten zerikusirik, baita ere, itsas indar errepublikazaleen geldotasunak eta Euzkadiko Gudontzidiko buru Joaquin Egiaren nortasunak.

Itsas armada berezia osatzeko, Egiak gerraontzi bihurtu zituen Bilbon babesturik eta zereginik gabe zeunden arrantzontzi gehienak, Pasaiatik etorritakoak batez ere. Ontzi haietako batzuk armatu egin zituen (bou armatuak) eta beste batzuk urpeko minak harrapatzeko apareiluz hornitu (minaketariak). Berun-arrez (grisez) margotu zituen ontzi guztiak eta beltzez amuletan zeukaten izenen lehen letra, edo zegokion zenbakia; brankan ikurriña eta txopan bandera errepublikarra eraman zituzten.

Itsas armada berriaren muina Pasaiako PYSBE enpresako lau bakailaontzi izan ziren: Mistral (Gipuzkoa izen berriaz), Vendaval (Nabarra), Euzkal-Erria (Bizkaya) eta Hispania (Araba). Geroago txikiago batzuk gehitu zitzaizkien hauei: Donostia, Goizeko-Izarra, Iparreko-Izarra, Gazteiz, Iruña…

Tripulazioak merkantzietan edo arrantzan ibilitako marinel boluntarioez osatu ziren. Gehienak ELA edo EAJkoak ziren, baina bazen Partidu Sozialistako edo UGTko afiliatu talde garrantzitsu bat ere. Talde txikiagoak ziren CNT, ANV-EAE, Partidu Komunista, edo Izquierda Republicanakoak. Jatorriari dagokionez, %87 euskaldunak izanik ere, galiziar dezente baziren eta baita Andaluzia, Kantabria, Asturias, Gaztela, Murtzia, Madrid, Katalunia eta Aragoa aldekoak ere. Oro har, 917 gizon eta 3 emakume izan ziren Euzkadiko Gudontzidian eta 62 zerbitzuan hil ziren.

Untzi Museoak, Juan Pardo San Gilen laguntzarekin “Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39)” aldi baterako erakusketa antolatu zuen 1998an, eta izen berarekin Juan Pardok idatzitako liburua argitaratu. Liburua 2008an berrargiratu zen. Ekimen hauek funtsezkoak izan ziren Euzkadiko Gudontzidia ezagutzeko eta zegokion aintzatespena egiteko. Untzi Museoan antolaturiko erakusketa gai honi buruzko lehena izan zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia