euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EUSkype: NABOk internet bidezko euskara eskolak eskaintzen ditu sareko bideo-txat programa ezagunaren bitartez

2016/03/15

Washington D.C.-tik ikasten dute euskara Markel Bilbao, Beth Carmichael (ezkerrean), eta Paul Contino-k, Boise-n dagoen Oihana Andion (behean) irakaslearen laguntzaz (Irudia: E.K.)
Washington D.C.-tik ikasten dute euskara Markel Bilbao, Beth Carmichael (ezkerrean), eta Paul Contino-k, Boise-n dagoen Oihana Andion (behean) irakaslearen laguntzaz (Irudia: E.K.)

PUBLIZITATEA

Internet orokortzea erabateko iraultza izan zen eta, horren parte, hizkuntzen irakaskuntzak ere erabateko aldaketa jasan zuen: edonon izanda ere, munduko ia ezein hizkuntza praktikatzeko aukera izango zuen edonork, hiztun natiboekin konektatuta. Erraz, azkar eta merke. Gaur egun, NABOk bi euskara eskola eskaintzen ditu Skype bidez: bata, Rocklin-go (Kalifornia) talde batentzat eta bestea Washington DCko ikasleei zuzendua. “Hasieran, beldur nintzen kaotiko xamarra izango ote zen, baina ederto dabil, erosoa da oso”, aitortu dio EuskalKultura.com-i Beth Carmichael-ek hiriburu estatubatuarretik

Washington DC / AEB. Kaliforniako Rocklin hirian sei euskara ikasle daude egun, Esther Cigandaren laguntzaz hizkuntza menperatzeko lanean. Ciganda Euskara Munduan programaren arrakasta adibide bat da, ikasle izatetik irakasle izatera igaro delako. Moses Lake-n (Washington) jaioa bada ere, gaur egun Hendaian bizi da eta, handik, astean behin, Skype bidez ematen dizkie euskara eskolak bere ikasle kaliforniarrei.

Modu beretsuan, Sakype bidez, asteartero, Washington DCko zazpi ikasle euskal letren itsasoan murgiltzen dira, Oihana Andionen laguntzarekin. Garesekoa (Nafarroa) da Andion, baina Boisen (Idaho) bizi da egun. “Erronka asko ditu Skype bidezko eskolak”, dio. “Baina oso esperientzia positiboa izaten ari da. Denak leku berean gaudela ematen du”.

Skype bidezko euskara klaseen onura askoren artean, Andionek malgutasuna azpimarratu du: “Interneterako sarbidea baino ez duzu behar, mugikortasun handia ematen dizu. Etxera garaiz helduko ez bazara, bulegotik bertatik egin dezakezu”. Beth Carmichael bere ikaslearen hitzetan, “hasieran, kaotiko xamarra izango ote zen beldur nintzen, baina oso erosoa da, ederto dabil” dio gaur egun.

Chico herrikoa (Kalifornia) da Carmichael baina 2013. urtetik bizi da Washington DCn, Markel Bilbao bikotekide getxoztarrarekin batera. AEBetara eta Euskal Herrira hainbat joan-etorri egin ostean, AEBetako hiriburuan geratzea erabaki zuten. Haur eskola irakasle elebiduna da Carmichael (gaztelania eta ingelesa) eta, Bilbao, SEIU sindikatuko komunikazio ataleko langilea da.

Ikasgela digitalaren alde on eta txarrak

Arbela fisiko bat izatea botatzen du faltan Bilbaok baina, “Skype-ko txata erabilita moldatzen gara”, argitzen du. Taldekako ariketak egiterakoan beste arazotxu bat sor daiteke talde txata itzali, talde txikiak berriz ere konektatu eta, aldez aurretik hitzartutako tarte baten ostean bildu behar denean, berriz ere, talde deian. Baina horrek ere baditu bere alde onak: eserlekutik altxatu, hankak luzatu eta, behar izatekotan, ur baso bat hartzera joan daitezke

Beth-ek dio une horiek “ikasitakoaren gainean hausnartzeko” darabiltzala, “oinarrizkoa da hori”. Nolabait, beraz, geldialdi horiek tartea ematen dute ere norbere notak berrikusi eta baren hartzeko eta, hori, ez da usu gertatzen eskola arruntetan.

Andionek gehitzen du “online eskolak potenteagoak” direla irakasleentzat. “Dena lotuagoa behar duzu, ariketa gehiago behar dituzu”. Azken batean, irakaslea ezin da pantailatik mugitu. Eta hitzetan jarri du nafarrak paradoxa: “Presentzia fisikoa garrantzitsuagoa da online eskoletan”. Horregatik guztiagatik, geldialdi horiek eskertzekoak dira denentzat.

Smithsonian Instituzioko ikasleak

Aurtengo Smithsonian Folklife Festivalak euskal kultura izango du arreta gune eta, beren lana ahalik eta hobekien egiteko, lau antolatzailek euskara ikastea erabaki dute. "Mary Linn, Greyson Harris, Cristina Diaz-Carrera eta Anne Pedersen-ek Euskal Herritik etorriko den jendea ahalik eta modu beroenean artatu nahi dute”, azaltzen du Andionek.

Langileon keinu polit hau ezinezkoa litzateke NABOk Skype bidezko eskola hauek eskainiko ez balitu, egun, Washington DCko Euskal Etxeak ez baitu euskara eskolarik ematen.

-Estatu Batuetan euskaraz ikasi nahi baduzu eta inguruan ez baduzu beste inor edota irakaslea lortzeko arazoekin bazabiltza, NABOko euskara koordinatzaile Itxaso Cayerorekin sar zaitezke harremanetan: itxaso.cayero@boiseschools.org.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia