euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskoNews & Media webgune eta buletin digitalak 10 urteurrena diseinu berriarekin estreinatu du

2008/09/10

EuskoNews-ek diseinu berria jantzi du urteurrena ospatzeko
EuskoNews-ek diseinu berria jantzi du urteurrena ospatzeko

PUBLIZITATEA

Hamar urte bete ditu EuskoNews astekari digitalak kultura eta zientzia internetez hedatzen, oraintxe 90 urte betetzen dituen Eusko Ikaskuntza erakundeak sustatuta. 1998ko irailaren 8an sareratu zen lehen aldiz, eta harrez gero, '452 zenbaki, 116 monografiko, 9.500 artikulu baino gehiago eta 2.722 kolaboratzaile' pasa dira sareko euskal topagune honetatik, arduradunek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez. Kolaboratzaile horien artean munduko euskaldun asko ere izan dira, euskal etxe eta atzerriko euskal gizataldeen historiaren berri emanez Kosmopolita atalaren bidez. 'Atal honek izugarrizko harrera izan zuen, batez ere Diasporako euskaldunen artean', azaltzen du Euskonews-eko zuzendari Arantxa Cuestak. 'Izan ere, argitaratu ditzakegun baino artikulu gehiago bidaltzen dizkigute'.

Donostia, Gipuzkoa. Munduko eta Euskal Herriko euskaldun askorentzat asteroko hitzordua bihurtu da EuskoNews astekari digitalaren irakurketa. Izan ere azken hamar urteetan zintzo heldu dira ordenagailuetara buletin honen ale berriak, euskal kultura eta zientzia zabaltzeko helburuarekin. Webguneko arduradunek azaldu dutenez, ostiralero, 7.500 harpidedunek jasotzen dute aldizkariaren aurkibidea beren posta elektronikoan, eta, web orrian egindako bisita zuzenak erantsita, guztira 30.000 dira bisitariak.

Irakurleak Euskal Herrikoak, noski, baina munduko beste bazter askotakoak ere baditu Euskonews-ek. Kolaboratzaileak ia 3.000 izan dira, eta aipagarria da horien artean Diasporako euskaldun asko ere izan dela. Euskonews-ek tarte zabala eskaini dio Diasporako euskaldunen eta euskal elkarteen historiari Kosmopolita atalean: Brasil, Quebec, Argentina, AEB, Australia, izan dira hitza izan duten Diasporako komunitate horietako batzuk.

'Atal hau plazaratu genuenean jauzi kualitatibo handia izan zen', adierazi dio Arantxa Cuestak EuskalKultura.com-i. 'Munduko euskal komunitatearen historia, munduan utzi duten aztarna, ezagutzera ematen dugu. Nire ustez atal honek aukera eman digu Euskal Herriko euskaldun askori, euskaldunek munduko zenbat herrialdetan nolako eragina izan duten ezagutzeko. Ni neu harrituta gelditzen naiz', berretsi du.

Beste aurrerapausu nagusi batzuk 2007ko urtarrilean eman ziren, Euskonews-ek bi gehigarri sortu zituenean. 'Bata Euskonews gaztea da, Euskal Herriko hainbat ikastoletako gazteek egindakoa, eta bestea, berriz, Euskonews Multimedia, Eusko Ikaskuntzaren barruan edo ekimenez audioan (2.000 ordu baino gehiago) eta bideoan sortutako eduki guztiak eskaintzen dituena', azaltzen dute Euskonews-eko arduradunek.

Bere ibilbidean Euskonews & Mediak hiru sari jaso ditu: 1999an, Argia aldizkariaren “Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria” eman zion; 2003an, lineako komunikabiderik onenarentzako Buber saria lortu zuen, eta 2005ean, euskal artisautzaren hedapenari dagokion Artetsu saria.

Diseinu berria ikusteko jo azken alera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia