euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskonews albistegi digitalak Rosarioko Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarra elkarrizketatu du

2012/04/30

Itziar Aguirre euskal sukaldari rosariotarra bertako telebistako 'R20 Informativo Gastronómico' programako irudi batean
Itziar Aguirre euskal sukaldari rosariotarra bertako telebistako 'R20 Informativo Gastronómico' programako irudi batean

PUBLIZITATEA

Eusko Ikaskuntzaren eskutik astean behin sareratzen den Euskonews albistari digitalaren azkeneko zenbakiak Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarra elkarrizketatu du. Rosarion jaioa, Itziarrek txikitandik bizi izan du euskal sukaldaritzaren arnasa, ama --Arantza Soraluce-- eta baita amona ere sukaldari onak izan baititu. Aurten ehun urte ospatzen ari den Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko jatetxearen ardura du Itziarrek, baina bere jardun profesionalak telebista ere harrapatzen du, sukaldaritzaren hainbat dibulgazio saiotan partaide izan delarik. Ofizioa eta jatorria uztartuz, chef rosariotarrak 'Pilpileando Argentina' izeneko ekimena darama gaur egun, euskal sukalde-moldeen zabalkundea eta beharrean daudenekiko elkartasuna sustatuz FEVArekin lankide.

Bilbo, Bizkaia. Maider Sillero izan da Euskonews astekari numerikoan Rosarioko Itziar Aguirre chef euskal argentinarra elkarrizketatu duena. Hona "Itziar Aguirre: 'Kozinatzen dudanean kulturak, ezagutzak, bizipenak, sentsazioak fusionatzen ditut" izenburupean Eusko Iaskuntzaren buletin honek argitara eman duen solasaldiaren hastapena:

Itziar Aguirre gazteak bizitzeko modua bihurtu du sukaldea. Familia ohituragatik dela, pasioagatik dela, esan dezakegu bizitza erdia daramala kozinatzen. Rosarion (Argentinan) jaioa da eta jatorri euskaldunak ditu, bai aitaren ardatzetik, baita amaren ardatzetik ere. Zalantzarik gabe, oso ondo daki Rosarion zuzentzen duen Zazpirak Bat euskal jatetxean zer egiten duen. Hori gutxi balitz, irrati eta telebistako hainbat saiotan hartzen du parte eta sukaldaritza klaseak ematen ditu gastronomia eskoletan.

-Hamazazpi urte daramatzazu kozinatzen, baina oso gaztea zara... Zenbat urterekin sartu zinen aurrenekoz sukaldean?

Hogeita hamalau urte ditut eta 17 urterekin hasi nintzen familiarekin lanean, nire amarekin, nire lau anai-arrebekin, Rosario hiriko Zazpirak Bat jatetxean, gaur egun nire ahizpa Ainhoak, nire ama Arantza Soraluzek eta nik eramaten dugu aurrera.

-Zure ama sukaldaria da, baina uste dut amona ere bazela; haiek izan al ziren sukaldearekiko pasioa transmititu zizutenak?

Bai, eragin handia eduki dute suengatik dudan pasioari dagokionez. Beraiengandik datorkit lapiko, burruntzali, lurrun, baratxuri, kipula, porru, patata, txipiroi, legatz eta abarrekiko daukadan gertutasun eta konfiantza. Esan daiteke beraiek izan direla dastamen-papilak betiko zigilatu dizkidatenak.

-Zer da sukaldaritza zuretzako? Profesio bat edo zerbait gehiago da?

Lanbide bat baino gehiago, zalantzarik gabe; bizitzeko modu bat da.

-Zure jatetxea Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean dago, baina, parte hartzen al duzu euskal zentroko ekintzetan?

Oso harreman estua daukat. Nire aita Berrizkoa zen eta ama azkoitiarren alaba da, beraz, nire mundua erdi euskalduna erdi argentinarra da. Euskal Etxeari dagokionez, nire bigarren etxea izan zela eta oraindik badela esan dezaket, izan ere, jaio nintzenetik nago bertan; urte askotan zehar dantza taldeko partaidea izan nintzen, txirula eta txalaparta moduko instrumentu ezberdinak ikasi ditut, eta euskara irakaslea ere izan naiz.

Eta euskal munduarekin daukadan harremanaren harira, egun “Pilpileando Argentina 2012” deituriko Programa Solidarioa gidatzen dihardut. Euskal Sukaldaritzaren deia, Euskal Etxeen presentzia herrialdean eta gizartearekiko haien konpromisoa tresna nagusiak izanik, Argentinan zeharreko ibilbide Gastronomiko Solidario bat da.

Pequeños Gestos Fundazioaren, Patricia Sosa abeslariaren eta Euskal Etxeetan buruturiko Euskal Sukaldaritza ikastaroen bidez, gure herrialdean behar handia duten komunitateentzako ahalik eta elikagai ez-galkor kopuru handiena batzea da topaketaren helburua.

-Nolakoa da zure sukaldaritza?

Nire sukaldaritza batez ere... [Euskonews -en jarraitzen du]

Euskonews astean behin ematen argitara sarean eta euskaldunekin, Euskal Herriarekin eta bertako kultura gaiekin harremana duten gaiak hartzen ditu hizpide. Harpidetza doanikoa da eta hemendik egin daiteke.

-Sukaldari rosariotarraren webgunea: www.itziaraguirre.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia