euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Legebiltzarreko antigoaleko 1.246 liburu internetez kontsulta daitezke Euskadiko Liburutegi Digitala medio

2008/03/10

Axularren "Guero" obraren irudia, 1643. urtekoa
Axularren "Guero" obraren irudia, 1643. urtekoa

PUBLIZITATEA

Liburutegi arruntetan aurki ez daitezkeen 300.000 irudi eta 1.246 liburu zahar argitaratu berri ditu Euskadiko Liburutegi Digitalak. Era honetan, 1830. urtea baino lehenagoko obra-bilduma eta XX. mendera arteko euskarazko erlijio-obren biblioteka batera sarbide erraza izan dezake edozeinek. Nabarmendu daitezkeen obren artean, Axularren "Guero" obraz gain, Betolazaren "Doctrina Christiana" dago, Hegoaldean argitaratutako euskarazko lehen katiximaren ale ezagun bakarra. Obra elebidun hau 1596an argitaratu zen Bilbon, eta garrantzitsua da XVI. mendean euskaraz idatzi ziren zortzi obretako bat delako.
Euskadiko Liburutegi Digitaleko webgunean aurki daitezkeen obretako asko garrantzitsuak dira oso euskal kulturarentzat. Hainbat, ale bakarrak edo bereziak dira, eta izan ere digitalizazioaren hau euren 'difusioari begira egindako proiektua da', Arantza Arzamendi Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen arduradunak EuskalKultura.com-i baieztatu dionez. Adibide gisa, Betolazaren Doctrina Christiana aurki daiteke, Bilbon 1596an argitaratutako lehenengo katixima. Funts digitalizatuan 1643an Bordelen argitaratutako Axularren Guero-ren lehen edizioa ere atxeman daiteke, eta bere bigarren edizioa, XVIII. mendeko lehen hamarkadetakoa. Interes bibliografiko handiko beste dokumentu bat, esaterako, 'Fuero de Vizcaya' obraren lehen edizioa izan daiteke, Juan de Juntak 1528an Burgosen argitaratua. Adituen ustez aipamen berezia merezi du Martin de Coscojales-en 'Antigüedades de Vizcaya' lanak bere bitxitasunagatik. Ale honek balio handia du 1590. urtean bere autoreak idatzitako jatorrizko eskuizkributzat jotzen delako.

[Euskadiko Liburutegi Digitalean aurki daitekeen "Doctrina Christiana" obraren irudia]

Euskadiko Liburutegi Digitalean dauden obren bilaketa egiteko zenbait bide daude. Egile, titulu, edizio-urte edo hizkuntzaren arabera edota edozein eremutan (izenburu nagusia, bigarren izenburua, egile nagusia, bigarren egilea, ohar orokorrak, bestelako oharrak, serie, gaiak edo argitalpena) bilatzeko aukera dago. Behin bilatu nahi den obra aurkituta, titulua, egilea, argitalpen-urtea, argitalpen-tokia, deskribapen fisikoa, hizkuntza, oharrak, materia, bigarren egilea eta jatorriari buruzko informazioa agertuko da.

Duela hiru urte Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailak sinatutako hitzarmen baten emaitzak dira Euskadiko Liburutegi Digitalak eskaintzen duen zerbitzua: orain arte Eusko Legebiltzarrean digitalizatua zeuden baina bertako liburutegian baino kontsultatu ezin zitezkeen ikertzaileentzako 1.246 liburu zaharrak gehitu zaizkio Euskadiko Liburutegi Digitalari, historiaren eta hizkuntzaren ikerketarako interes handiko funts bibliografiko bati loturik. Beti ere, 'euskal ondarea zabaltzeko daukagun ardurari eusteko helburuarekin', azpimarratzen du Arantza Arzamendik.


Lotura interesgarriak

Euskadiko Liburutegi Digitala
www.euskadi.net/LiburutegiDigitala

Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamentu Berria erosi du
2008ko urtarrilaren 15ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia