euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Legebiltzarrak Etxepare Institutua sortzea onetsi zuen atzo nazioarteko euskal kultur ekintza koordinatzeko

2007/04/21

Miren Azkarate, Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura sailburua; Kultura Sailari atxikitako erakundea izango da Institutu sortu berria
Miren Azkarate, Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura sailburua; Kultura Sailari atxikitako erakundea izango da Institutu sortu berria

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautuko duen Legea onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Erakunde berriak bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak, hala nola, Euskara Munduan porograma eta Unibertsitateetako lektoradoak, eta euskal kulturaren alor desberdinetan (tartean, literatura eta liburugintzan, ikus-entzunezkotan, arte ederretan eta abarrean) Kultura sailaren bitartez eta alorrean alorreko sektoreen laguntzekin egiten diren hainbat ekimen.
Eusko Legebiltzarrak aho batez Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautuko duen Legea onartu zuen atzo ostirala, apirilak 20 (bertaratu ziren EAJ-PNV, EA, EB, PP, PSE y Aralar 57 legebiltzarkideen aldeko bozkarekin; EHAKk ez du parte hartu lege proiektuaren eztabaidan ezta bozketan ere). Lege honen bitartez euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako tresna izango den Beñat Etxepare idazle baxenabartarraren izena daraman eta euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpena helburu izango duen Institutua sortuko da. Etxepare Institutua eratzea Jaurlaritzak legealdirako zuen egitasmoen artean azaltzen zen 'eta helburuak duen garrantzia kontuan izanda Kultura sailak Lege baten bitartez sortu eta garatu nahi izan du', azaldu dute euskal gobernuko iturriek.

Euskara eta Euskal Kultur Ekintza koordinatzea atzerrian

Etxepare Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea izango da eta euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede eta alde horretatik bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak. Honako xedeak izango ditu:

a) euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera sustatzea munduan, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea

b) Euskal kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma eta hizkuntza guztietan

c) Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere

Ikastaroak, ikerketa, zabalkundea, teknologia berriak

Bere xedeak betetzeko Institutuak, bere ekimenez edo hirugarrengo batekin elkarlanean, euskara irakasteko ikastaroak sortu, sustatu eta antolatuko ditu eta horrekin batera, euskara hedatzea helburu duten ekintzak sustatu eta gauzatuko ditu zuzenean eta sare telematikoen eta teknologia berrien aukeren bitartez.

Euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenari begira, euskara eta euskal kulturaren ikerketa eta irakaskuntza Euskaditik kanpoko unibertsitateetan bultzatuko du lektoradoak eta eusko ikaskuntzen ikasketei laguntza emanda eta atzerriko ikerketa-zentroekin elkarlana bultzatuz. Kultura eta hizkuntzen alorrekin zer ikusia duten azoka eta ferietan parte hartuko du. Horrekin batera, kultur produkzio eta espresio desberdinen mundu zabalpena bultzatuko du eta hedapen kulturaleko jarduerak estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egingo ditu.

Kooprazioa eta elkarlana; egoitza Donostian

Etxepare Institutuak Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetza-harreman sendoak izaten saiatuko da eta bere jarduerak koordinatuko ditu administrazio publikoek egiten dituztenekin, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako instituzio guztiek egiten dituztenekin, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeetakoekin.

Bere organo nagusiak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria izango dira. Egoitza nagusia Donostian izango du, Tabakalera eraikinean, eta munduan zehar ordezkaritzak eta mendeko zentroak eduki ahal izango ditu. Horretarako, merkataritza-sozietateetan, fundazioetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan parte hartu ahal izango du beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordearen aldez aurreko baimenarekin.

Egungo lanak: Euskara Munduan, lektoraduak...

Legez sortu ondoren, Institutuak bere gain hartuko eta garatuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak, hor txertatuko dira azken urte hauetan garatu diren euskara munduan erakusteko egitasmoak (Euskara Munduan eta lektoradoak) eta euskal kulturaren alor desberdinetan (literatura eta liburugintzan, ikus-entzunezkotan, Arte Ederretan eta abarrean) Kultura sailaren bitartez eta alorrean alorreko sektoreen laguntzekin egiten diren hainbat ekimen.

Esaterako egun Amerika eta Europako hainbat unibertsitateetan indarrean diren euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzak, bide horretan lankide izango ditu HABE erakundea eta kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren beste erakunde eta egitasmo.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik, euskara eta euskal kulturaren lektoradoak sortu ditu Europa eta Amerikako hainbat unibertsitateetan, Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidean. Gaur egun Amerika eta Europako 9 herrialdetako 17 unibertsitateetan eskaintzen dituzte euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzak eta Amerikako Estatu Batuetako, Argentinako eta Mexikoko beste 5 unibertsitateetan horren atarian dira; azkenik, beste 31 unibertsitateen eskaerak aztertzen ari dira.

Euskal Etxeekin elkarlanean; Expolangues...

Ildo berean eta honekin batera, Kultura Sailak, HABE erakundearen bitartez, abian du Euskal Herritik kanpo helduentzako ematen diren euskara eskolen garapenerako egitasmoa. Euskara Munduan egitasmoaren baitan Estatu espainiarreko hainbat hiriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europa (Paris, Londres, Brusela, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako hiri eta herri desberdinetan helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatu dira, horretarako irakasleen trebakuntzari garrantzi berezia eskaini zaio eta eskola horiek materialez hornitu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.

2005-2006 ikasturtean Argentinan 820 ikasle aritu dira euskara ikasten Argentinako 42 ikasleen ardurapean eta beste 40 irakasle prestatzeko ikastaroak abian dira Argentinan. Euskara eskolak Europan, Amerikan eta Australian ematen dira HABEk zuzendutako ikastaroetan, 1.500 ikasle aritu ziren iaz euskara ikasten Ameriketan eta beste 800 inguru Europan.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko du euskara eta euskal kulturaren ordezkaritza nazioartean antolatzen diren hizkuntza, hezkuntza eta kultura dibulgatzeko azoka eta erakusketetan. Hauen artean aipatzekoak dira hizkuntzaren irakaskuntzarekin lotutako Expolangues eta antzekoak.

Frankfurt, literatura, Kimuak, zinea...

Kulturaren beste alorretan, Etxepare Euskal Institutuak arian-arian lankide izango da edo eta bere gain hartuko ditu literatura eta liburugintza alorrean kanpo zabalpenari begira hainbat azoketan egiten diren parte hartzeak, esaterako literatura eta liburugintza alorrarekin elkarlanean Frankfurteko Liburu azokan egiten den parte hartzea. Halaber, ikus-entzunezko alorrean Kultura sailak zuzenean eta beste batzuekin elkarlanean gauzatzen dituen euskal ikus-entzunezkoen kanpo zabalpenerako ekintzak (Kimuak film laburren alorrean, Niniak animazio eta dokumentalen alorretan eta abar), eta hor Euskadiko Filmategia lankide izango du. Arte Plastikoen alorrean Etxepare Euskal Institutuak Gure Artea sarien kanpo zabalpena bultzatuko du.


LOTURA INTERESGARRIAK

Etxepare Institutuaren onespenaren oihartzuna prentsan:
Berrian ez dugu gaurkoan aipamenik topatu (Berria)
'Aprobada por unanimidad... (Deia)
'Todos los partidos apoyan su creación' (Correo)
Ez dugu gaurko Garan aipamenik topatu (Gara)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia