Eusko Legebiltzarrak bat egin du Uruguaiko Kongresuari Agirre lehendakariarekiko abegiagatik egin omenarekin (kus bideoa)
2016/12/07
Bakartxo Tejería, Euskal Legebiltzarreko lehendakaria
PUBLIZITATEA
1941ean Agirre lehendakaria klandestinitatean heldu zen Uruguaira, naziek hartutako Europatik ihesi eta Uruguaik besoak irekita hartu zuen, bertako Ordezkarien Ganberak ohorezko harrera eginik gainera. Aurten, egun haren 75. urteurrenean, Montevideoko euskaldunek omenaldia egin diote Uruguaiko Ordezkari Ganberari. Eusko Legebiltzarrak ere bat egin du, Bakartxo Tejeriaren esker oneko bideo baten bidez, mezuan, Agirrek euskeraz Uruguaiko irrati euskaraz egindako hitzak entzun daitezkeela.
Vitoria-Gasteiz. Montevideoko Euskal Erria euskal etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu euskal gizataldearen partez Agirre Lehendakaria Uruguaira heldu zeneko 75. urteurrena ospatzeko, eta ekitaldi horien barruan omenaldia egin dio Uruguaiko Legebiltzarrari, Lehendakariari egin zion harrera eskertuz.
Eusko Legebiltzarrak bat egin du omenaldi horrekin, eta Bakartxo Tejeria legebiltzarburuak bideo mezu bat helarazi dio Uruguaiko Ordezkarien Ganbarari, 75 urte geroago, "Gernikako Arbolak lur askea estaltzen duen honetatik". Tejeriak eskertu egin du Uruguaik “Jose Antonio Agirre lehendakariari eta hainbat eta hainbat euskal gizon eta emakumeei eskainitako laguntza eta lankidetza, eta haien bitartez gure herriari emandako sostengua, gure historiako unerik latzenetako batean, askatasunaren eta justiziaren aldeko borroka garaietan".
Agirre euskaraz Uruguaiko irratian
Eusko Legebiltzarburuak bidalitako bideoari Agirreren grabazio historiko bat gehitu zaio, Agirrek Uruguaiko irrati batean zabaldutako mezuarena, hain zuzen ere. Artxibo berezia da, Agirreren euskarazko artxibo oso gutxi gorde direlako.
Grabazioa 1955ean egin zen, Agirrek Uruguaira egin zuen bigarren bisitan. Orduan, Radio Ariel irratian egindako saioan Agirre lehendakariak eskerrak eman zizkion Uruguaiko herriari berari, orohar euskaldunei eginiko harreragatik.
Mezu hartan Agirrek Uruguaiko euskal gizataldeari ere zuzendu zion mezua: “Izan zaitezte herritarrik onenak. Izan zaitezte inguruan dituzuenen arteko onenak. Eta ez ezazue hau ahaztu, euskotar aberkideok, hainbat eta hainbat arrazoi badauzkagula esker oneko izateko Uruguaiko herri eta jendearekiko”.
Herri alai eta noblea
Eusko Legebiltzarrak bideoa, audioa, grabazioaren transkripzioa eta lehendakariaren hitzak helarazi dizkio, eta, horrekin batera, baita Agirre lehendakariaren jatorrizko grabazioa ere, Uruguaiko Ekialdeko Errepublikaren Ordezkarien Ganberako artxiboan jasotzeko.
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakariak Agirre Lehendakariaren hitzekin amaitu du bideo mezua: “Horregatik jaun andreak, euskaldun maiteak, esan nirekin batera, zuen etxeetatik, nirekin batera, esan oraintxe: Gora Uruguai, Herri alai eta noblea! Gora Uruguai, betiko! Eta Jaungoikoak eman diezaiola zoriontasuna, ontasuna eta bizi luzea!”