euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Kultur Etxeak bere 19. urtemuga ospatu zuen Etxearekin lotura duten artisten artelanak oparituz

2007/10/16

Susana Iturrioz artista, Nicolás Oliva bazkidea eta María Elena Etcheverry, Eusketxeko presidentea
Susana Iturrioz artista, Nicolás Oliva bazkidea eta María Elena Etcheverry, Eusketxeko presidentea

PUBLIZITATEA

Eusketxeren 19. urteurrena ospatzearren elkarteko ehun bat lagun bildu ziren Mexico 1880ko egoitzara San Migel eguneko aste berean. 'Euskal Taberna' delakoa antolatu zen eta bertaratu zirenek Eusketxeko Dantza Taldearen emanaldi baten lekuko izan ziren. Opari eta eskertze gisa, Eusketxe Arte Galeriaren erakusketetan edo elkartearen ekimenetan parte hartu izan duten pare bat artistaren lan batzuen zozketa egin zen bazkide eta lagunen artean. Eusketxek urte askotan lanean jarraitzeko itxaropenarekin egin zuen ospakizuna, 'ideia aniztasuna etengabe bultzatuz eta bertako zein kanpoko lagunei giro euskaldun bat eskainiz'.
Ekitaldia, San Migel Euskal Herriko zaindariaren egunetik gertu edo, ahal dela, egun berean egiten da urte guztiz. Aurten ere. Eta honela, joan den irailaren 29an, larunbatez, euskaraz Euskal Kultur Etxea gisa, gaztelaniaz Casa de la Cultura Vasca, edo euskaraz zein gaztelaniaz Eusketxe laburduraz ezagutua den Buenos Aireseko elkarte kulturzale eta euskaltzale honek urtero bere bazkide, lagun eta ingurukoei eskaintzen dien ospakizuna antolatu zuen, Buenos Aires eta Argentinan euskal kultura bultzatze lanez eta ekintzaz beteriko urte berri bat ospatzeko bozkariozko eta alaisunezko lagun giroan.

Festa, gaueko bederatziak inguruan hasi zen Etxeak eskainitako taberna zerbitzuarekin: pezeto sandwich-ak, matambre eta atuna, opil eta edariak. Erakundeko presidentea den Maria Elena Etcheverry-k gonbidatuei ongietorri hitzaldia eman zien eta "Nikoren proiektu liluragarriarekin" aurrera jarraitzea ahalbidetzen duten etxeko lagun guztien aldetik egunero jasotzen duten laguntza eskertu zuen. Falta zirenak ere bereziki oroitu zituen, Niko bera eta 29an bertan heriotz urteurrena zuen Andres de Irujo bere senarra izan zena tarteko.

[Aitor Alava dantzaria Eusketxe dantza taldeko burua dantza-jolasetan]

Eusketxe Dantza Taldeko zuzendaria den Aitor Alava dantzariaren eskutik, Etxeko dantza taldeak emanaldia eskaini zuen. Ondotik sari zozketa bati ekin zitzaion, hauen artean Ekin Argitaletxeko liburuak, cd eta bideoak... baina zalantzarik gabe opari berezienak Etxearekin gertuko lotura duten bi artistek eskainitako artelanak izan ziren. Bi artistok: Liliana Ravena, duela gutxi Eusketxe Arte Galerian obrak erakutsitako pintorea, eta Susana Iturrioz, euskara ikasle eta Eusketxe eta Euskaltzaleak-eko partaidea.

[Mariana Fernández Castelli Liliana Ravena pintorearekin]

Zozketak bukatuta, dantza eta kopa tartean, goizeko hiruak paseak baziren pertsiana itxi orduko Mexico kaleko euskal egoitzan. Zahar eta gazteak elkarrekin aritu ziren, oraingoan parrandan, hala tokatzen baitzen, euskaltzaletasunak elkartuta, urtean zehar hainbat alorretan Eusketxeri eskaintzen dioten lana eta sostengua eskertzeko antolatutako festa honetan. 'Bizi-bizirik segitzen du hemen Nikoren izpirituak, euskal kulturak elkartzen eta biltzen baikaitu, lanean zein bestela ere; urte askoan', antolatzaileetako batek buletin honi ekitaldia laburbiltzeko erabili zituen hitzak erabiltzearren'.


Lotura interesgarriak

Euskaltzaleak eta Eusketxe Hizkuntza Minorizatuen Biltzarrean
2007ko urriaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Eusketxe eta Liliana Ravenaren obren erakusketa
2007ko irailaren 3an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia