euskal diaspora eta kultura
2011/02/23
PUBLIZITATEA
San Jose, Uruguai. 'San Joseko Euskaldunak Taldea' izenarekin jaio zen 2009ko abuztuan Uruguaiko San Joseko Euskal Etxea. Sei lagun baizik ez zituen bildu lehenengo elkarretaratze deiak; gaur, ehun kide baino gehiago ditu erakundeak.
Euskaldunen ondorengoek osatutako talde hau 2009ko irailean hasi zen ekintzak antolatzen. Lehenengo aktibitatea, 'Haize Hegoa' Euskal Etxearekin batera burutua, 'Dantza Astea'n parte hartzea izan zen. Hitzaldiak ere burutu zituzten. Euskal kulturari buruzko mintzaldiak ere eman zituen 'San Joseko Euskaldunak Taldea'k euskal gaietan aditua den Hernan Sorhuet-en eskutik.
[Carmeloko euskaldunek San Joseko Liburu eta Immigranteen Azoka bisitatu zuten eta patxarana dastatu, argazkiak erakusten duenez (argazkia San Joseko EE)]
Ekimen bakoitzaren arrakastak 2010ean proposamen gehiago bultzatzera animatu zituen sanjosetarrak. Urriaren 19tik 24ra, Liburu eta Immigranteen 5. Azokaren baitan, stand bat ezarri zuen gizatalde euskaldunak. “Esperientzia polita baino politagoa izan zen”, aitortu dio euskal etxeko lehendakaria den Juan Licio Acheriteguyk EuskalKultura.com-i.
"Gure standean Euskal Herriari buruzko bideoak proiektatu eta eskulanak erakutsi genituen. Montevideoko Haize Hegoako lagunek asko lagundu gintuzten eta, detaile bitxi gisa, patxaran txurrutadaño bat eskaini genien guregana hurbildu ziren bisitariei. Aste hartako ostiralean, gainera, euskal afaria prestatu genuen. Ikuskizunak ere ekarri genituen eta Haize Hegoako dantzariek euskal dantzekin alaitu zuten jaia”, kontatu digu Licio Acheriteguyk.
['San Joseko Euskaldunak Taldea' euskal etxeko lehendakaria den Juan Licio Carmeloko euskal etxearen 15. urtemugan (argazkia San Joseko EE)]
Egoitzari dagokionez, behin-behineko toki batean funtzionatzen du euskal etxe gazteak. Baina lanean ari dira bertako udalarekin egoitza propioa izate aldera. "Joan den irailean herriko kartzela hustu zuten. Hemen zeuden pertsonak Juan Soler herrira eraman zituzten eta eraikina herriko ondarea denez eta plaza nagusitik kale batera kokatuta dagoenez, leku egokia iruditu zaigu euskal etxea eta euskal kulturgune baten egoitza izateko”, azaldzen du euskal etxeko lehendakariak.
2011ri begira, euskara eta dantza klaseak emango dira euskal erakundean. Horretaz gain, Montevideoko Haize Hegoa, eta Salto, Flores eta Coloniako euskal etxeetako lagunekin batera, euren partaidetza zabalduz joango da Uruguaiko euskal kolektibitateak antolatzen dituen ekitaldi guztietan 'San Joseko Euskaldunak Taldea'.
'SAN JOSEKO EUSKALDUNAK TALDEA', ZUZENDARITZA BATZORDEA
-Lehendakaria: Juan Licio Acheriteguy
-Lehendakariordea: Zenon Echeverri
-Idazkaria: Angel Cameto
-Idazkariordea: Carlos Oxoby
-Diruzaina: Miguel Inthamoussou
-Diruzainordea: Astil Ausan
-Batzordekideak: Jorge Perez, Rita Hernandez, Rosario Urruty
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus