Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur goizean egin duen asteroko ohiko bilkuran Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako 2024ko diru-laguntza deialdiari. Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen diren laguntza hauek 980.000 eurokoak izango dira aurten, iazko 947.420ak baino 3,44% gehiago.
Horietatik, 800.000 euro IV. Kapituluari dagozkio (ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak), Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratzeko; gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko eta gastu arrunt eta funtzionamendu arlokoetara. Eta gainerako 180.000 euroak VII. kapituluari, azpiegitura gastuei-eta, tartean ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko...
Deialdia datozen egunetan argitaratuko du EHAA buletin ofizialak eta argitaratze datatik hasita hilabeteko epea egongo da eskabideak aurkezteko. Orrialde hauexetara ekarriko dugu argitalpenaren berria. Deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita, hilabete bateko epea egongo da eskaera egiteko. Munduan 25 herrialdetan barreiatuta dauden 196 euskal etxe eta federazioak aurkez daitezke Euskal Etxeen arloko nagusia den deialdi honetara.