euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak 'Pixka bat es mucho' kanpaina abiarazi du: Ausartu euskaraz, uste duzuna baino gehiago dakizu!

2007/11/07

'Pixka bat es mucho' ekimenaren irudia
'Pixka bat es mucho' ekimenaren irudia

PUBLIZITATEA

Euskararen erabilpena bultzatzea euskaldun zahar zein euskaldun berrien artean, horixe da 'Pixka bat es mucho' kanpainaren helburua. Eusko Jaurlaritzak jarri du abian ekimena eta Euskararen Eguna bitartean (abenduaren 3a) Euskal Herriko txoko eta bazter guztietan euskara lotsarik gabe erabiltzeko mezua zabalduko du. Kanpainaren barruan Ukan pintxoa sortuko dute, Euskal Herriko taberna eta jatetxeetan ere --Diasporakoak barne-- euskararen aldeko 'birusa' kutsatuko duena.
Euskararen erabilpena bultzatzeko ekimen berria abiarazi du Eusko Jaurlaritzak eta datorren abenduaren 3a bitartean --Euskararen Nazioarteko Eguna-- Euskal Herriko zein Diasporako euskaldunei euskaraz egiteko gonbite berezia luzatu die. Kanpainak iaz aurkezturiko Ukan birusaren ideian sakontzen du eta 'euskaldunok egiten duguna baino euskara gehiago dakigula azpimarratzen du'. Kanpainiaren helburua jendea euskaraz egitera animatzea da, sarri lotsagatik edo behar adina egiten ez delako. 'Ez izan hanka sartzeko beldurrik, no te cortes, hitz egin lasai...' horixe da kanpainak egunotan gizarteari luzatuko dion mezua.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu duenez kanpaina euskara jakin arren erabiltzen 'ausartzen' ez diren pertsonei zuzenduta dago. 'Derrigortu gabe eta estutu gabe hitz egitea da gauza, modu naturalean, horrela denok irabazten dugulako', emendatzen du, azken finean, kanpainaren leloak berak halaxe baitio: 'Pixka bat es mucho'.

Pintxo bat euskara kutsatzeko

Kanpainak lekua hartuko du Euskal Herriko komunikabideetan: egunkari, irrati, telebista, kaleetan eta interneten. Aldi berean Ukan birusak (2006ko kanpainaren irudia) euskararen aldeko 'sukarra' kutsatzen jarraituko du. Aurten gainera ekintza berezi bat antolatu dute kutsapen prozesu hori bultzazeko, gastronomia eta euskara batuz. Hilaren 13an Euskalduna Jauregiko Etxanobe jatetxean egingo den ekitaldian Ukan Pintxoa aurkeztuko dute.

Pintxoaren egileak Edorta Lomo eta Iñigo Cojo izango dira, Donostiako Alde Zaharreko A Fuego Negro jatetxeko sukaldariak. Datozen asteetan pintxo hau euskara sustatzen duten Euskal Herriko taberna eta jatetxeetara helduko da, eta --zergatik ez?-- baita Diasporako Euskal Etxeetara ere, hala eskatzen badute.


Lotura interesgarriak

Euskararen Egunak Diasporako euskara ikasleak omendu zituen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 4ean

Ukan, euskararen aldeko elkarbizitzearen birusa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia