euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroko aurrekontua onartu du Etxepare Euskal Institutuarentzat

2009/03/31

Zuzendari finkoa izan gabe, baina Etxepare Institutuko Patronatoa iaz bildu zen lehenengo aldiz, Ibarretxe lehendakaria presidente
Zuzendari finkoa izan gabe, baina Etxepare Institutuko Patronatoa iaz bildu zen lehenengo aldiz, Ibarretxe lehendakaria presidente

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan onartu du Etxepare Euskal Institutuak aurtengo jarduera finantziatzeko izango duen aurrekontua, 941.671 euro, erakundea abiatzeko. Joan den astean Institutuan arituko diren hamar langileen postuen soslaiak finkatu ondoren --eta hauek betetzeko deialdia gutxi barru deituko delakoan-- ia dena prest da gobernu berria sartutakoan erakundeko zuzendaria izenda dezan. 'Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute' euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko sortutako erakunde autonomoa da.

Vitoria-Gasteiz. Apirilaren 3ko 3/2007ko Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren arabera --erakundea sortu eta arautzen duena--, Etxepare Euskal Institutuaren sorrera eta jarduera hasiera Jaurlaritzak zehaztuko du, behin erakundearen antolakuntza eta jarduera araudia onartu ondoren.

Honela, maiatzaren 13ko 88/2008ko Dekretuaren bidez, Etxepare Euskal Institutuko Antolakuntza eta Jarduera Araudiak onartu ziren, eta honen lehenengo xedapen gehigarrian Institutuak bere jarduerari sei hilabeteko epean ekingo ziola jasotzen da.

Ia guztia prest

Behin Institutuaren zuzendaritza organoak eratu ondoren, eta Patronatoak Zuzendaritza Kontseiluko bere ordezkariak hautatu ondoren, 2008ko abenduaren 23ko Gobernu Kontseiluaren Akordioaren bitartez Etxepare Euskal Institutuaren jardueren hasiera onartu zen (abenduaren 23ko 221/2008 Dekretua).

Honetan, jarduera hasiera eguna 2009ko urtarrilaren 7an zehazten da eta besteak beste arautzen dira: jarduera hasiera, Institutuaren langile zerrenda, Jaurlaritzaren bestelako instantzietatik ordu arte garatzen ziren eginkizunen subrogazioa, eta Institutuaren eginkizunetarako beharrezkoak diren izapideen eskualdaketa eta ondasun lagapena.

Pertsonala eskuratzeko lehiaketa-oposizioa

Gaurkoan aurrekontua onartzearekin argitara emandako aginduak bete eta Institutuaren jarduerarako finantzazioa lortzen da, Institutuak garatuko dituen programen aurrekontuetara batuz, alegia, indarrean diren 2009ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzari dagozkion Sailetan eta Zuzendaritzetan aurreikusita dauden zuzkiduretara.

Institutu berriaren garapenaren lege aurreikuspenak betetzeko bide horretan, martxoaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuko lanpostuen zerrenda kaleratu zuen, honen ondoren lanpostu horiek betetzeko dagokion oposizio-lehiaketa deialdi publikoa egingo dela. Orain hurrengoan egingo den lehiaketa deialdia publikoa eta irekia izango da administrazio publikoan ezarri beharrekoak diren lege eta administrazio prozedurei eutsiz, adierazi dute Jaurlaritzatik.

Behin-behineko egoitza

Lanpostu zerrenda horretan hamar plaza aurreikusten dira Institutuko langile talde osoari dagozkionak eta guztiak beteko dira lehiaketa publikoaren bitartez, Zuzendari Orokorrarena izan ezik, hauxe baita Institutuaren Sorrera legearen arabera izendapena bidez onartu behar dena. Zuzendari Orokorra izendatua ez den bitartean, bere eginkizunak Kultura sailburuak hartua du.

Institutuak Donostiako Prim kalean zabalduko du bere behin-behineko egoitza, horretarako egiten ari diren egokitzeko lanak bukatutakoan. Bestela, Donostiako Tabakalera eraikin eta proiektuaren baitan kokatuko du bere behin-betiko egoitza, aurreikuspenen hura amaitzen dutenean, aurreikuspenen arabera 2013. urtean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia