euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak Mexikon ordezkaritza berriz irekiko duela adierazi du Marian Elorzak

2013/03/18

Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia (argazkia AlexLarretxi/DiarioNoticiasGipuzkoa)
Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia (argazkia AlexLarretxi/DiarioNoticiasGipuzkoa)

PUBLIZITATEA

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak berreskuratu egingo dio Mexikon duen Bulegoari Ordezkaritza maila, Patxi Lopezen gobernuak kendu zion kategoria eta autonomia berriz ere emanez. Atzo Diario de Noticias de Gipuzkoa egunkariak plazaratu zuen elkarrizketan, Elorzak agertu zuen herrialde honetan euskal enpresa asko kokatu direla eta "potentzial handia" duela. Solasaldian Kanpo Harremanetarako idazkaritzaren beste proiektuen berri ere eman du idazkari nagusiak. Jarraian, elkarrizketaren pasarte batzuk euskaratuta.

Humberto Unzueta/Vitoria-Gasteiz. Hiru hilabete soilik daramatza karguan, baina Marian Elorzak badu aurretik eskarmentua Kanpo Harremanen alorrean. Bruselako Euskadiko ordezkaritzan eman dituen urteei esker, eta aurreko gobernuetan arlo honetan izan dituen beste esperientzia batzuk direla medio, orain zuzentzen duen idazkaritzari buruzko ikuspegi zabala du.

-Nolakoa da euskal diaspora?

Bi mota daude. Batetik, betiko diaspora, hau da, Euskadi arrazoi politiko edo ekonomikoengatik utzi zuten lagunen ondorengoak, Euskadirekin harremana mantentzen jarraitzen dutenak. Guk ere harreman hori mantendu nahi dugu. Bestetik, badira enpresen internazionalizazio prozesua dela eta atzerrira joan diren gazteak, ikertzaileak, kooperanteak... eta horien artean gehienek Euskadi kanpoan ezagutzera ematen lagundu nahi dute.

-Batzuen ustez krisi garai hauetan ordezkaritzak sobera daude.

Aspaldion sarri entzuten den baieztapena da hori. Horren aurrean nik esango nukeena zera da: hain zuzen ere, internazionalizazioa dela krisi honetatik ateratzen lagunduko digun palanka horietako bat. Proiektu batzuetan enpresek parte har dezakete, baina beste batzuetan izan daitezke gizarte-eragileak, erakundeetakoak, akademikoak... Ordezkaritzak nahitaezko tresnak dira palanka lan hori egiteko, azken finean, helmuga diren herrialde horietan sherpa lana egiten baitute.

-Egun diren ordezkaritza guztiak mantenduko dituzu?

Ordezkaritza kopuru bera mantenduko dugu, baina antolakuntza geografikoa aldatuko dugu. Horrela, Estatu Batuetan ordezkaritza bat geldituko da; Mexikon beste bat; beste batek Txile, Peru eta Kolonbia hartuko ditu (bulegoak Txilen zein Kolonbian izango ditu); eta beste batek Argentina-Mercosur. Lau horiei Bruselakoa batuko zaie, Europar Batasunarekin lotuta. Legealdian zehar lehentasuna duten herrialdeak zeintzuk diren jakingo dugu eta ez dugu baztertzen orain dauden ordezkaritza horietakoren bat lekuz aldatzea.

-Zergatik halako garrantzia Mexikori?

120 milioi biztanledun herrialdea da, Euskadiren esportazioen hamairugarren  bezeroa eta azken urteotan euskal enpresen kokatze oso indartsua egon da bertan, asko hiriburuaren inguruan eta beste zenbait Queretaro eta Guanajuato inguruan. Potentzial handia dugu enpresa ikuspegitik, eta diasporak presentzia handia du. Horrek justifikatzen du ordezkaritza bat egotea han gertatzen denaren jarraipena egiteko. 

Elkarrizketa osoa, gaztelaniaz, Diario de Noticias de Gipuzkoa aldizkariaren webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia