Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzaren egitasmoetan "honako legealdia oso garrantzitsua izango da Kanpoko Euskal Komunitatearentzat". Halaxe adierazi zuen Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorzak Legebiltzarrean, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranbururekin batera Europako Gaietarako eta Kanpo Harremanetarako Batzordearen aurrean joan den asteko asteartean motu propio egindako agerraldian.
Are gehiago, "inflexio puntu" izango dela iragarri zuen Elorzak, batetik Euskal Etxeen inguruan batzen diren kanpoko euskal komunitate tradizionalak sustatuz eta, bestetik, joan-etorrikoa ohi den euskal migrazio berria identifikatzeko eta berarekin etengabeko harremanak mantentzeko erronkari eutsiz. Bost kontinenteetan dagoen Euskal Komunitatea errealitate anizkoi eta bariatua dela esan zuen, baita kezka eta beharretan ere, eta Jaurlaritzaren erronka dela horri arreta eskaini eta erantzutea.
Bideoa: Marian Elorza eta Gorka Alvarez Aranbururen agerraldia Eusko Legebiltzarrean
Pandemia eragin handia izaten ari dela Kanpoko Euskal Komunitatean baieztatu eta presentzialki bildu ezinak teknologia berrien erabilerari eman diola bidea, azaldu zuen, formula eta bide berriak urratzera behartuz baina ekarriz, dena den, Boiseko Jaialdi edo Argentinako Euskal Astea bezalako 2020ko ekitaldi garrantzitsuak bertan behera geratzea. Jaurlaritzak berdefinitu nahi du bere rola kanpoko komunitateei dagokienez eta bere zeregina neurri eta programen bideratzaile izatetik aukera-ekarle-ra pasa legealdi honetan, "inplementadore" izatetik "fazilitadore"ra, ongi ulertu badugu.
"Egiazko Euskal Komunitate Global" baterako urratsa eman nahi du, munduan dauden euskaldunekin, han dauden lekuan konektatuz, elkarlana sustatuz Jaurlaritzako gainerako sailekin eta oro har gainerako erakunde eta elkarteekin eta herritar horiekin. Aldi berean, Euskal Etxeen sare tradizionala sustatzen jarraituz, Gaztemundu programa hobetuz, programa berriak prestatuz, hala nola "Dantza Munduan", ahulenei zuzendutako premiako laguntzak eguneratuz, itzultzea erabakitzen dutenei lagunduz, Euskal Diasporaren Eguna sendotuz, Euskal Diasporaren Artxiboa osatuz eta unibersitateekin eta irakaskuntza ertaineko ikastetxeekin lankide Diaspora ezagutaraziz gazteen artean, euskal komunitate global hori pixkanaka egituratuz, bai alde materialean, bai alde birtualen.
-Hona Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren hitzaldia osorik (pdf)