Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak gaur goizean Gobernu Batzordean erabakitako gaien artean, Bartzelonako Unibertsitatean, Varsoviako Unibertsitatean eta Brnoko Masaryk Unibertsitatean euskara eta euskal kulturaren ezaguera sustatzeko indarrean diren hitzarmenei jarraipena emateko baimena eman dio Kultura Sailari. Hitzarmen horien bitartez jarraipena emango zaie hiru unibertsitate horietan eskaintzen diren euskara eta euskal kulturaren ikastaroei.
Euskara eta euskal kultura ikastaro hauek Amerika eta Europako beste hainbat unibertsitatetan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik eskaintzen direnen gisakoak dira eta garatzear dagoen eta zuzendaria izendatzear daukan --ustez aurten gertatu behar duen gauza da-- Etxepare Euskal Institutuak hartuko ditu bere baitan hori gertatutakoan.
Kultura saileko datuen arabera, dagoeneko munduko 13 herrialdetako 27 unibertsitatetan eskaintzen dira euskara eta euskal kultura ikastaro hauek, hala nola espainiar Estatuko zenbait hiritan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid), Europan (Paris, Londres, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako hainbat hiri eta herritan (Argentina, Uruguai, Txile, Mexiko eta Estatu Batuetan). Unibertsitateetatik kanpo ematen diren euskara eskolek, berriz, 80 hiri eta herri biltzen dituzte Europa, Asia, Amerika eta Australian.
Lotura interesgarriak
Baztarrika sailburuordearen hitzek lektoretza abiaraziko dute Argentinako La Platan
2008ko maiatzaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana
Japonia eta Filipinetako unibertsitateetan ere zabal daitezke euskal lektoretzak
2008ko urtarrilaren 25ean EuskalKultura.com-en argitara emana