euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen alorreko akordioak sinatuko Buenos Airesen Madrazo sailburuaren eskutik

2007/02/26

Javier Madrazo, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburua (arg. eitb.com)
Javier Madrazo, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburua (arg. eitb.com)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak Argentinan diktadura militarpean desagertutako jatorri euskalduneko herritarrak topatzen lagunduko du. Hauxe izango da Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako sailburuak gaur Argentinara hasiko duen bidaia ofizialean landuko den gaietako bat. Madrazo gobernu argentinarreko Giza Eskubideetarako Idazkariarekin, Eduardo Luis Duhalderekin, bildu eta lankidetza protokolo bat sinatuko du. Adolfo Pérez Esquibel Nobel saridunarekin, Plaza de Mayoko Amonekin eta FEVAko ordezkariekin ere elkarrizketatuko da, besteak beste.
Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetarako sailburua joan den larunbatean atera zen Euskal Herririk Argentina aldera, izan ere gaur astelehena hasiko baitu herrialde honetara eginen duen bere lehendabiziko bisita ofiziala. Gaurkoan, Argentinako Gobernuaren Giza Eskubideetarako Idazkariarekin, Eduardo Luis Duhalderekin, bilduko da eta aurrez adierazia dute Lankidetza Protokolo bat sinatuko dutela bi gobernuok, hain zuzen ere bertako diktadura militar garaian (1976-1983) desagertu ziren jatorri euskalduneko herritarren nondik-norakoa zein izan zen ikertzen eta jakiten laguntzeko.

Javier Madrazorekin batera, bere sail bereko Igor Irigoien Garapenerako Kooperazio zuzendaria ere etorria da Argentinara. Euskal Ordezkariek euskal jatorrizko desagertuen familiakoekin elkarrizketatuko dira eta garai ilunetan tortura eta atxiloketa gune ezkutua izan zen ESMA edo Escuela de Mecánica de la Armada izenekoa bisitatuko dute, gaur egun Memoriari eskainiko zaion eremua bilakatzeko bidean dagoena.

Perez Esquibel, Plaza de Mayo-ko Amonak eta FEVArekin

Bihar asteartea, Etxebizitza eta Gizarte Arazoetarako saileko ordezkariak bisita eginen diote Adolfo Perez Esquivel Nobel saridun eta Servicio de Paz y Justicia (SERPAJ-AR) fundazioko presidente denari eta akordioa sinatuko dute harekin 'indarkeria mota ororen kontra' eta aldarripena eginez 'Latinoamerika eta mundu-mailako Bakearen aldeko mugimendua'ren alde, beti ere 'oinarritzat hartuz partaidetza, horizontaltasun, parekotasun, alkartasun eta erantzukizunkidetasun printzipioak'.

Madrazok Plaza de Mayo-ko Amonak ere, eta euren lehendakari Estela Barnes de Carotto bisitatuko ditu, euren egoitzan. Elkarrizketatuko da baita ere gobernu nazionalaren menpe dagoen Narkotrafikoaren Aurkako Borroka eta Prebentzio Plangintza Idazkaritzako arduradunekin, eta FEVA edo erakunde euskal argentinarren bazkuneko zuzendariekin zein Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxekoekin.


Lotura interesgarriak

FEVA federazioaren web gunea
www.fevaonline.org.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia