euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeentzako 2020ko dirulaguntza deialdia onartu du, 902.300 euro banatuko dituena

2019/12/17

Joan den urrian Gasteizen egindako Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII Mundu Batzarreko kideen irudia Eusko Legebiltzarrean
Joan den urrian Gasteizen egindako Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII Mundu Batzarreko kideen irudia Eusko Legebiltzarrean

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak onartu egin du eta bide eman dio gaur goizean egindako bere Gobernu Kontseiluko bileran Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen Federazio eta Konfederazioentzako diru-laguntzen 2020ko deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen ditu eta orotara, 902.300 euro bideratuko ditu, iazko deialdiaren kopuru berbera.

Laguntzaren zatirik handiena –782.300 euro– IV. Kapitulura joango da, ohiko gastuetarako eta jarduerak antolatzeko, Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratzeko; gehienbat gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko, gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretara.

Gainerakoa –120.000 euro– VII. Kapituluari dagokio, azpiegitura eta ekipamendu gastuetako kapituluari alegia eta zentroen beraien egoera hobetzera bideratutako jardueren gastuak osorik edo zati batean finantzatzera bideratuko da; konparazio, ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko, gazteentzako lekuak egokitzeko eta gazteen zein emakumeen jardueretan teknologia erabiltzeko.

Deialdia aurten ere abenduan argitaratzearekin, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako egungo zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk bulegoan sartzerakoan hartutako konpromisoetako bat betetzen da, Euskal Etxe eta Federazioek dirulaguntzak urtean lehenago jaso eta arrazoizko epean jaso ditzateneko ahaleginetan.

Deialdia datozen egunetan EHAA buletin ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean. Euskal etxe eta federazioek erne egon beharko dute, hortik aurrera hilabete bateko epea egongo baita eskaerak egiteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia