euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak onespen ofiziala eman dio Santiagoko 'Colectividad Vasca de Chile' euskal etxe berriari

2010/05/14

Txileko Nafarroako Etxeko dantzari, buruhandi eta kilikiak Las Condesko Estadio Españolean, bertan eskainitako emanaldi baten ostean (argazkia Centronavarrodechile.org)
Txileko Nafarroako Etxeko dantzari, buruhandi eta kilikiak Las Condesko Estadio Españolean, bertan eskainitako emanaldi baten ostean (argazkia Centronavarrodechile.org)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako aste honetako gobernu bilerak onespen ofiziala eman dio Santiagoko 'Colectividad Vasca de Chile' (Txileko Euskal Gizataldea) izeneko euskal etxe berriari. Elkarte onetsi berriak Santiagoko Estadio Español delako erakundean dauka egoitza. Imanol Carredano Odiaga da euskal etxeko presidentea eta delako Estadioaren baitan Espainiako autonomien maparen arabera zegoen hutsunea betetzera dator, espainiar erakundeak autonomi erkidegoen mailako hainbat elkarte biltzen baititu bere baitan, tartean Nafarroako Etxea. Kirol eta aisialdi instalazio itzelak dituen instituzioa da Las Condes-Santiagon Estadio Española. Euskal etxe berria garaiz dabil aurtengo euskal etxeentzako deialdian sartzeko, jakina denez ekainaren 4ean baitauka eskabideak aurkezteko azken epea.

Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzak aste honetako kontseiluan onartu du Txileko Santiagoko Colectividad Vasca de Chile-ren aitorpen ofiziala. Presidente duen Imanol Carredano Odiaga euskal-txiletarrak EuskalKultura.com-i esan dionez, hiru bat urte dira hasi zirela lanean euskal talde gisa egoitza Estadio Española dutela. Santiago handiko Las Condes comuna edo udalean dagoen Estadio Español erakundea kirola eta aisialdirako instalazio zabalak dauzkan instituzio handi eta boteretsua da Txilen eta bere barruan Espainiako autonomien mapari erantzuten dioten elkarteak biltzen ditu. Bertan egoitza izan arren euren lege-nortasuna eta ibilera eta programak dauzkaten elkarte hauen artean Nafarroako Etxea dago (euskal etxe berriak 2008ko azarotik dauka lege nortasun txiletarra).

Onespena gertatzeak esan nahi du, besteak beste, euskal etxe berriko kideek eta euskal etxeak berak ere eskubidea daukatela Jaurlaritzak egiten dituen deialdietan parte hartzeko. Beraz, kasu honetan onespenaren lehenengo ondorioa euskal etxe berriak euskal etxeentzako dirulaguntzen 2010eko deialdira aurkezteko aukera erdietsi izana da, jakina baita eskabideak aurkezteko epea datorren ekainaren 4ean ixten dela.

Munduko euskal etxeen erregistroan orain arte onetsita zeuden euskal etxe txiletarrak Santiagoko Euzko Etxea eta Viña-Valparaisoko Eusko Etxea dira, lehenengoa bigarrena baino zaharragoa, baina biak iragan aberatseko euskal etxe historikoak, eta horiekin batera Fundacion Vasco Chilena para el Desarrollo delakoa. Badira ere Txilen Nafar Etxea, egoitza Santiagon --Estadio Españolean-- duela; Euskadiren Txile eta Perurako Ordezkaritza, egoitza Santiago-Las Condesen; euskal jatorriko enpresari eta exekutiboak biltzen dituen Emprebask-Txile elkartea, eta baita jardun gutxiagoko edota lege nortasuna eskatu ez zuten elkarte gehiago ere.

-Eusko Jaurlaritzaren euskal etxe zerrenda: hemen
-Euskal Etxeentzako 2010eko dirulaguntza deialdia: hemen
-Txileko Nafarroako Etxea: www.centronavarrodechile.org
-Santiagoko Euzko Etxea: www.euzkoetxeachile.cl
-Valparaisoko Eusko Etxea: www.euskoetxea.cl
-Emprebask-Txile: www.empresariosvascos.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia