euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak Etxepare Institutuaren antolakuntza eta jarduera arautzen dituen Dekretua onartu ditu

2008/05/14

Miren Azkarate sailburuak gidatzen duen Kultura sailaren baitan egingo du lan Etxepare Institutuak
Miren Azkarate sailburuak gidatzen duen Kultura sailaren baitan egingo du lan Etxepare Institutuak

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza eta jarduera-araudi Dekretua onartu zuen atzo, era honetara euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena xede duen Institutu honen sorrera eta lanean hastea ahalbideratuz. Ez da oraindik jakitera eman erakunde sortu berriaren ardura hartuko duen zuzendariaren izenik. Beñat Etxepareren 'Jalgi hadi mundura' esaldia eslogan propiotzat hartuko duen Institutuak orain artean Jaurlaritzako zenbait sail eta tokitatik garatzen zen lana bereganatu eta koordinatuko du, berez Kultura Sailari atxikita badago ere.
Eusko Legebiltzarraren 2007ko apirilaren 20ko 3/2007 Legeak sortu zuen Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute erakundea, Kultura sailari atxikita eta berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakunde gisa, euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena xede harturik eta alde horretatik bere gain hartuz lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen zituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak. Hura garatuz, atzokoan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza eta jarduera-araudi Dekretua onartu zuen.

Etxepare Euskal Institutuaren xedeak euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpenarekin lotzen dira, Beñat Etxeparek esan zuen “jalgi hadi mundura” leloaren bidetik. Hori horrela Etxepare Euskal Institutuak honako xedeak hartzen ditu:

a) euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera munduan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea

b) Euskal kultura, herri honetan sortutako kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma guztietan

c) Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere

Gaur onartu den antolakuntza eta jarduera Dekretuak Etxepare Euskal Institutua bi arlo sektorialetan antolatzen du euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako xedea betetzeko:

a) Euskal kulturaren sustapena eta zabalpena

b) Euskararen sustapena eta zabalpena

Euskal kulturaren sustapen eta zabalpen arloaren baitan uztartzen dira musika, arte eszenikoak, ikus arteak, zinema, arkitektura eta diseinua eta alor honen betekizunak honakoak izango dira:

a) euskal sorkuntza artistikoaren zabalpena nazioartean

b) artistak eta hauen lanak munduan zehar zabaltzea

c) nazioartean kultur erakustaldiak antolatu

d) arteen zabalpenerako ekintzabide estrategikoak bultzatu

e) euskal sorkuntza kanpoan ezagutzera emateko kultur eragileen sustapena

f) euskal literatura, jakintza eta ikerketa kanpoan ezagutzera eman horien zabalpena sustatuz

g) Euskadiko kulturaren eta bereziki euskarazko eskaintzaren kanpo zabalpena bultzatu

h) Pentsalari eta ikertzaileen arteko hartu emanak bultzatu

i) Hizkuntza eta kultur aniztasunari buruzko euskal egileen nazioarteko ezagutza sustatu

j) Euskal kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren eragileei laguntza eskaini

Euskararen sustapen eta zabalpenaren arloaren baitan Etxepare Euskal Institutuak euskararen irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza bultzatuko du eta arlo honek honako funtzioak izango ditu:

a) Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskararen ikerketa eta ikasketak bultzatu, lektoradoak eragin eta euskararen ikertzaile eta euskal ikaskuntzen erakundeei laguntza eta babesa eman

b) Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu munduan zehar diren euskal gizataldeetan, euskal etxeen laguntzarekin eta hauen bitartez

c) Beste erakundeekin elkarlanean, Euskal Herritik kanpoko euskara ikasi ahal izateko beharrezkoak diren giza, hizkuntza eta didaktika beharrak bideratu

d) Euskal Herritik kanpoko irakaskuntza behar horietarako tokian tokiko euskarazko irakasleen prestakuntza bideratu

e) Antolatu euskara ezagutza-egiaztagirien azterketak Euskal Herritik kanpo

f) Euskararen presentzia ahalbideratzeko hizkuntza eta kultura erakustazoka nagusienetan parte hartu

g) Euskararen kanpo zabalpena xede izanda sustapen ekintzak koordinatu gaztelania, katalana eta galegoa zabaltzea xede duten Institutuaren gisa bereko erakundeekin

h) Euskararen kanpo sustapenerako ekintzak euskararen lurraldeko beste erakunde publikoekin koordinatu

i) Elkarlana izan euskararen normalkuntza xede duten erakundeekin

j) Euskararen eta euskarazko sorkuntzaren zabalpena xede izanda, elkarlana bultzatu Unibertsitate edo eta bestelako erakunde publiko eta pribatuekin

k) Euskararen kanpo zabalpena egiten duten erakunde publiko eta pribatuei laguntza eman

l) Teknologietan oinarritutako euskararen kanpo zabalpena bultzatu

Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetza-harreman sendoak izaten saiatuko da eta bere jarduerak koordinatuko ditu administrazio publikoek egiten dituztenekin, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako instituzio guztiek egiten dituztenekin, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeetakoekin.

Sortze Legeak aurreikusi moduan, Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da. Etxepare Euskal Institutuaren organo nagusiak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria dira.

Atzo onartu zen Antolakuntza eta Jarduera-araudi Dekretuak xedatzen du hauen zereginak eta osaera:

a) Patronatuak 31 kide izango ditu, horietatik 11 berezkoak izango dira. Patronatuko Presidentea Lehendakaria izango da, Presidente-ordea, Institutua atxikita dagoen saileko Sailburua; beste bost ordezkari kanpo harremanen, eta kultura, hezkuntza, hizkuntza politika eta ogasun arloko eskumena duten Sailek izendatuko dituzte, beste hiru Foru Aldundiek eta azkenik, Institutuko Zuzendaria izango da Patronatuko kide eta halaber honen idazkari. Berezkoak diren hauekin batera, Patronatuko beste hamabost kide Institutua atxikita duen saileko sailburuak izendatuko ditu hizkuntza, filologia eta kulturaren alorreko adituen artean, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta unibertsitateek leku propioa izango dutelarik. Azkenik Eusko Legebiltzarrak beste bost kide aukeratuko ditu

b) Zuzendaritza Kontseiluak zazpi kide izango ditu; Kontseiluko presidentea Institutua atxikia duen saileko ordezkaria izango da, beste hiru kontseilari kanpo harremanen, hizkuntza politika eta ogasun sailen ordezkariak izango dira, beste bi Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak aukeratuko ditu eta Institutuko Zuzendari Nagusia kontseiluko kide izango da

c) Etxepare Euskal Institutuaren Zuzendariak erakundearen zuzendaritza ardura izango du. Institutuaren bi lan arloetako bakoitzak bere zuzendaria izango du eta bi hauek Zuzendari Nagusiaren mende egongo dira

Etxepare Euskal Institutuak egoitza nagusia Donostian izango du, Tabakalera eraikinean, eta euskal hizkuntzaren eta kulturaren zabalkundean teknologia berriek zeregin garrantzitsua izango dute. Horrez gain, munduan zehar ordezkaritzak eta mendeko zentroak eduki ahal izango ditu bere helburuak betetzeko. Horretarako, merkataritza-sozietateetan, fundazioetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan parte hartu ahal izango du beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko baimenarekin.


Lotura interesgarriak

Gaur hasiko da Kaliforniako Unibertsitatean Euskal Sinposioa
2008ko maiatzaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

2006ko Kanpo Ekintza Urtekaria argitaratu dute
2008ko otsailaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Japonia eta Filipinetako Unibertsitateetako Euskal lektoretzak
2008ko urtarrilaren 25ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Aitor Arruza, Varsovian euskara irakasle
2007ko abenduaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskara eta euskal kultura ikastaroak Mexikoko lau unibertsitatetan
2007ko urriaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia