euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Que par che' antzerki konpainiak Argentinako 9 euskal etxeko bira egin du, hainbat tailer eta funtzio emanez

2011/12/14

Maite Guevara eta Mariano Di Franco Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean (argazkia EE)
Maite Guevara eta Mariano Di Franco Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

'Que par che' antzerki konpainia 2008an jaio zen, Maite Guevara euskaldunaren eta Mariano Di Franco argentinarraren eskutik. Antzezlan eta pedagogia nahasten ditu bikoteak bere ikuskizun eta tailerretan, eta proposamen honekin Euskal Herri bertako, Espainiako eta Argentinako antzoki zirkuituetan aritu da urte hauetan. Joan den urrian, eta Eusko Jaurlaritzak Bira Kulturalak egiteko eskaintzen duen diru-laguntzak medio, Argentinara bueltatu ziren gazteak, Buenos Aires probintziako bederatzi euskal etxetan “Los Pardos” eta “Soltarlo al aire” antzezlanak eta Barreterapia eta Clown tailerrak aurkeztera. “Biraren balantzea ona baino hobea da. Euskal etxeetako jendea ez ezik, ikuskizunak ikustera edo tailerretan parte hartzera hurbildu diren lagun guztiak ere oso pozik agertu dira gure lanarekin”, adierazi dio Maite Guevarak EuskalKultura.com-i, ibilbidea bukatzean.

Buenos Aires, Argentina. Saladillo, Azul, Laprida, Pehuajo, Las Flores, Ayacucho, Jose C. Paz, Pergamino eta San Nicolas herri argentinarretako euskal etxeak bisitatu dituzte 'Que par che' konpainia euskal argentinarreko kideek urritik abendura arte. Epe honetan, lau Barreterapia tailer, hiru Clown tailer, eta “Los Pardos” eta “Soltarlo al aire” antzezlanen bost emanaldi eskaini dituzte Buenos Aires probintziako publikoaren aurrean. Beste alde batetik, eta euskal etxeetan egindako emanaldiez aparte, euren kabuz ere aurkeztu dira Maite Guevara eta Mariano di Franco, Buenos Airesen eta Rosarion.

Que Par Che Ayacuchon 2011 01

[Ayacuchoko Euskal Odolak antolaturik eskoletako umeentzako emanaldia eskaini zuten Maitek eta Marianok, herriko Kultur Etxean. Irudian “Soltarlo al aire” lanaren eszena bat]

“Tailerretan 90 partaide izatera heldu izan gara, Azul-en esate baterako. Euskal etxeek asko lagundu digute hedapena egitera eta arrakasta haiei ere zor diegu, ahalegin handia egiten baitute kultura zabaltzeko. Izan ere, gure bisitaren berri irrati, telebista eta egunkari askotan islatzen lagundu digute”, azaldu dio Maite Guevara euskaldunak EuskalKultura.com-i. Bere esanetan, “orain, bira bukatuta, esan dezaket euskal etxekoekin sortutako harremana sendoa izan dela oso, eta badakigula Argentinara bueltatuz gero lan berriak egiteko aukera izango dugula”.

Que Par Che Pehuajon 2011 02

[Pehuajoko Etxe Alai euskal etxean Barreterapia Tailerra egun zuten artistek (argazkia EE)]

“Euskal etxekoen giroa gustatu zaigu. Lan handia egiten dute, batzuek beste batzuek baino gehiago eta, nire ustez, ez da arrazoi ekonomikoa soilik. Jendearen adinaren kontua ere bada.  Oso interesgarria da Euskal Herriko kultura nola mantentzen duten ikustea, gure dantzak, gure musika… Jendeak bere arbasoei buruz hitz egiten du, arbasoen jaioterriez… Kasu batzuetan bertatik bertara ezagutu gabe baina aiton-amonek kontatutakoa gogoan… Hala ere, zaila egiten zait oraindik, bizi izandako guztiaz mintzatzea… agian denbora apur bat beharko nuke, etxeratu ondoren akaso, biraren balantze sakona egiteko. Bai esan dezaket asko ikasi dudala eta oso polita iruditu zaidala nortasuna nola mantendu eta aldi berean nola egokitu ahal izan zuten euskal argentinarrek. Eta euskal jatorririk ez dutenek gure kultura nola bereganatu zuten. Horrek RH faktoreak baino gehiago balio du”.

Que Par Che Saladillon 2011 03

[Saladilloko Itxaropen euskal etxean ere lagun anitz bildu ziren barre egiten ikasteko klasean (argazkia EE)]

Que Par Che Jose C. Paz-en 2011 04

[Jose C. Paz-en, “Los Pardos” antzezlana aurkeztu zuten (argazkia EE)]

“Azpimarratzeko beste gauza bat euskal etxe batzuek egiten duten gizarte-lana da. Baliabide guztiak baliatzen dira beharrean edo kale gorrian bizi direnak laguntzeko, premiazko gauzekin, eta kultura eta bestelako baliabideak ere hurbilduz”, azaldu digu 'Que par che' konpainiako emakumeak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia