euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak bi euskal etxe berri onartu ditu: San Joseko Euskal Etxea eta Montevideoko 'Euskaro' EEa

2010/12/15

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak atzo astearteko Gobernu Kontseiluan bi euskal etxe onartu zituen eta sartuko ditu Euskal Etxeen bere erregistro ofizialean, biak Uruguain. Bat hasi berria da, San Joseko Euskal Etxea, izen bereko departamendu eta hirian kokatua; eta bigarrena, ostera, euskal etxe historiko bat, Montevideoko Centro Euskaro delakoa, urte batzuetan ofizialtasuna galdu ondoren, barruko arazo batzuk izan ondoren berriz ere munduko euskal etxeen zirkuitora itzuli dena.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman zion atzo asteartean eginiko Gobernu Batzordean bi euskal etxe berri onartzeari, biak Uruguain, nahiz eta ezaugarri desberdindunak izan. Lehenaren kasuan, San Jose departamentuko izen bereko hiriburuan lehenengo urratsak ematen ari den euskal elkarte gaztea da, San Joseko Euskal Etxea izenez munduratu berria dena.

Bigarren kasuan, aldiz, euskal etxe historikoa da berez Centro Euskaro euskal etxea, Montevideon egoitzaduna, 1911ean Centro Euskaro Español izenaz sortua eta duela urte batzuk bigarren epitetoa galdu zuena. Kasu honetan, erregistratuta egon zen Centro Euskaro, baina barne gora behera batzuk medio eta Montevideon zeuzkan egoitza handi eta zabalak galdurik, egoitza askoz apalago batera pasaturik bere nortasuna eta aktibitateak sekula ez galdu arren Jaurlaritzaren aurreko ofizialtasuna galdu eta orain berreskuratu duena, erakundearen mendeurrena ospatzeko urtearen atarian, Euskaroak 2011ko ekainaren 29an beteko baitu bere lehenengo mendea.

Bu euskal etxeon onespenarekin Uruguaik sendotu egiten du bere kokapena munduko euskal etxeen esparruan euskal etxerik gehien duen herrialde gisa Argentinaren eta Estatu Batuen ondotik.

Horrez gain behar da aipatu aspalditik datorkiola Uruguairi leku probilegiatua euskal Diasporaren historian, besteak beste bertan sortu baitzen 1876ko abenduan aro modernoko munduko euskal etxerik zaharrena, edo halakotzat daukaguna, Montevideoko Laurak Bat, gaur egun desagertua, Argentinako Buenos Airesen orainidk segitzen duen izen bereko euskal etxea sortu baino hilabete batzuk lehenago.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia