euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio 2017ko Gaztemunduri, euskal instrumentu tradizionalei eskainia

2017/04/25

Iazko Gaztemunduko Mauro Funes partaidea eta bere partaidetzak bere herriko pentsan izan zuen oihartzuna
Iazko Gaztemunduko Mauro Funes partaidea eta bere partaidetzak bere herriko pentsan izan zuen oihartzuna

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur astearte goizean 2017ko Gaztemundu programari, aurtengoan euskal soinu tresna tradizionalei eskainia. Programan munduko euskal etxeetako 18 eta 35 urte arteko gazteek har dezakete parte eta honakoan irailaren 2tik 17ra egingo da. Eskabideak Deialdia EHAA buletin ofizialean datozen egunean argitaratu ondoren aurkeztu ahal izango dira. Argitaratu bezain pronto ekarriko dugu orrialde honetara, baina, interesatua bazaude, egon erne!

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak gaur goizeko Gobernu-Bileran onartu du Gaztemundu 2017 deitzea. Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrean geratu legez, gaika antolatuta daude edizioak, eta aurtengoari euskal instrumentu tradizionalei dagokie eta, beraz, euskal etxe eta komunitateetan instrumentu jotzaile diren gazteei zuzentzen zaie deialdia, xehetasunak datozen egunetan EHAA Buletin Ofizialean argitaratzen denean jakingo direlarik.

Hamabost dira deituko diren lekuak, 18 eta 35 urte arteko musikari instrumentu jotzaileentzat, irailaren 2tik 17ra. Gaztemundu aukera errepikaezina da bi astetan arlo honetako punta-puntako euskal musikari aditu eta profesionalekin aritu eta eurengandik eskolak jasotzeko, eta instrumentuok euren berezko testuinguruan entzun eta ikusteko. Guztia, Euskal Herria bisitatzen duten bitartean.

Gaur goizeko Gobernu-Kontseiluko onarpenaren ondotik, Deialdiak EHAA Buletin Ofizialean behar du argitaratua izan indarrean sartzeko. Hori, normalean, aste honetan bertan gertatuko da, ostiralean seguruenik; EuskalKultura.com-ek, edonola ere, egingo dio segimendua eta adieraziko du noiz argitaratzen den. Argitaratu eta ondoko egunean hasten da korritzen eskabideak aurkezteko epea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia