Aurten proiektuetarako laguntzak 10 milioi euroan gehitu dira 2016aren aldean. Proiektu kopuru handiena eskubide unibertsalen eta emakumeen ahalduntzearen sektoreetan dago. Perun, Bolivian, Ekuadorren, Guatemalan, El Salvadorren, Kuban, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Senegalen, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan eta Palestinan daude proiektu finantziatu gehienak.
Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak oniritzia eman zion atzo asteartez euskal GGKEek aurkeztutako garapenerako lankidetzako 105 proiekturi laguntzak emateari. Guztira 40 milioi euro batzen dituzte, 10 milioi gehiago 2016ko deialdian baino.
Lankidetza-proiektuetarako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren jarduketa-ardatz nagusia dira arlo horretan eta horietara zuzentzen da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen funtsen zati handiena.
Laguntza horiekin hiru modalitatetako proiektuak finantzatuko dira:
- Garapenerako lankidetza-proiektuak, hegoaldeko herrialde pobretuetan pobreziaren aurkako borrokarako lagungarriak. Guatemala eta Peru izango dira proiektu gehien bilduko dituzten herrialdeak. Modalitate honetara bideratzen da laguntzen zati handiena, 70 proiektutara zuzendutako 32,9 milioi euro inguruko zenbateko batekin.
- Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, hegoaldeko herrialde pobretuetan pobreziaren aurkako borrokari zuzenean lotuak. Modalitate honetara milioi bat euro inguru bideratzen da 3 proiektutarako.
- Garapenerako hezkuntza-proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatutakoak munduan desberdintasunak sortzen dituzten kausen ulermena sustatzeko eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa pizteko egungo gizarte-ereduen eraldaketarekin. Modalitate honetan 32 proiektu onartu dira eta 6,1 milioi euro inguru bideratuko dira horietara.
Laguntza horien hartzaileak euskal GGKEak dira, edo hegoaldeko herrialdeetako erakunde eta mugimenduen eskutik lan egin eta Euskadin ordezkaritza dutenak. Bi urteko iraupena izango duten proiektu bakoitzerako diru-laguntzak ez dira 600.000 eurotik gorakoak izango. Onartutako proiektu kopuru handiena eskubide unibertsalen eta emakumeen ahalduntzearen sektoreetan dago
Gaur egun, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 300 proiektu inguru finantzatzen ditu mundu osoan. Horietako gehienak, Euskadin ez ezik, Perun, Bolivian eta Ekuadorren kontzentratzen dira, Hego Amerikan; Guatemalan, El Salvadorren eta Kuban, Erdialdeko Amerikan; Kongoko Errepublika Demokratikoan, Senegalen eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan, Afrikan; eta Palestinan, Asian.