euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak 234.000 euroko kontu-saila onartu du euskal etxeei laguntzeko euskararen irakaskuntzan

2017/09/14

Euskara Munduan-eko barnetegia Argentinako Mendozan
Euskara Munduan-eko barnetegia Argentinako Mendozan

PUBLIZITATEA

Deialdi honen bidez bultzatutako ‘Euskara Munduan’ programak 2.000 ikasle heldu baino gehiago ditu mundu zabaleko euskal etxeetan. 234.000 euroko kontu-sailak Europako, amerikar kontinenteko eta Asia-Ozeaniako hamarnaka euskal etxetako ikasle eta irakasleek euskara ikaste/irakaste alorrean egiten duten ahalegina bultzatzeko helburua dauka.

Vitoria-Gasteiz. Aste honetako bere Gobernu Batzordearen ohiko bileraren ostean aditzera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak 234.000 euroko kontu-saila onartu du euskal etxeei diru-laguntzak emateko euskara atzerrian irakasteko garatzen duten lanaren lagungarri. HABEk bideratutako deialdi honi esker, euskal etxeek ikastaroak eskainiko dituzte, 2017ko urritik 2018ko irailera, Euskara Munduan programaren barnean.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bere egitekoen artean dauka Diasporako euskal etxeetan euskara ikasteko jarduerak sustatzea. Horiek horrela, hiru arlo ezberdinetan egiten du lan deialdi honi esker:

  • Irakasleen prestakuntza: Euskararen irakaskuntza euskal etxeetan eten ez dadin, plan ezberdinak burutzen dira giza-baliabideak sustatzeko. Europan, Ipar Amerikan eta Hego Amerikan badira irakasleen gaitasuna trebatzeko hiru plan ezberdin
  • Ikas-materialak: Euskararen irakaskuntza egokia izan dadin, diru-laguntzen zati bat ikas-materialak erosten laguntzera bideratzen da. Boga on-line programa, Aisa oinarrizko mailetako ikasleentzako programa, Ikasbil ataleko materialak edota aurrez-aurre erabiltzeko materialak ikaslearen esku jartzen dira programa honen bidez
  • Eskola-orduak babesteko diru-laguntza: Kontu-sailaren parte bat eskolak babestera bideratzen da

HABEk 31 hitzarmen ditu mundu osoko 28 euskal etxe eta 3 federakuntzarekin. Horiei esker, 75-80 bat euskal etxetan ematen dira eskolak urtero (guztira, ia 190 euskal etxe daude munduan) eta, gaur egun, 2.000 ikasle heldu baino gehiago ari da euskara ikasten programa honen barruan. Programa denbora gutxi barru eskualdatuko da eta lan bera Etxepare Euskal Institutuaren bidez gauzatuko du Eusko Jaurlaritzak.

Argentinan Euskaraz plana 1989an abiatu zen, eta handik hamar urtera Euskara Munduan proiektua sortu zen. Proiektu honi esker, euskara mundu zabaleko euskal etxeetan ikas daiteke gaur egun.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia