euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Irudiak erakusketa Arrecifesen eskaini zen, bertako euskal etxearen Aberri Eguneko programaren baitan

2007/04/30

Euskal Herriko irudiak biltzen dituen Mikel Arrazolaren 'Eusko Irudiak' erakusketa, Arrecifeseko Euskal Etxean ikusgai (Euskalkultura.com argazkia)
Euskal Herriko irudiak biltzen dituen Mikel Arrazolaren 'Eusko Irudiak' erakusketa, Arrecifeseko Euskal Etxean ikusgai (Euskalkultura.com argazkia)

PUBLIZITATEA

Arrecifes herri argentinarreko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzian, Aberri Eguna ospatzeko ekitaldiekin batera zabaldu zuen 'Eusko Irudiak' argazki erakusketa joan den apirilaren 21ean, bozkario eta giro oneko egun bati bide emanez. Euskal Etxeko dozenaka kide eta lagun inguratu ziren erakundearen egoitzara, jai programan parte hartzeko eta Euskal Herriko hainbat alde islatzen dituen Mikel Arrazola argazkilariaren lanak ikusteko. Izaera ibiltariz iaz Argentinako hainbat euskal etxetan ikusgai hasi zen 'Eusko irudiak' erakusketa datorren urrian iritsiko da Rosariora, Euskal Aste Nazionaleko ospakizunekin batera.
Aberri Egunaren festa arrecifearra gaueko bederatziak aldean hasi zen 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxearen egoitzan apirilaren 21ean, larunbatez alegia, euskal erakundearen Zuzendaritza Batzordearen zati bat berritu zuen Biltzar Orokorra egin ondotik, 2006ko txostena eta balantzeak onetsirik. Ospakizunari topa eginez ekin zitzaion eta Teresa Zavaletari egokitu zitzaion egunari eta bere esangurari buruzko hitz batzuk luzatzea bildutakoen aurrean. Jarraian, etxeko eran egindako afari herrikoiaren unea heldu zen eta bildutako ia 70 pertsonek dastatu ahal izan zituzten euskal etxeko taldetxo batek eginiko 'kaneloi' (pasta) platerkada.

[Arrecifes-eko 'Euskaldunak Danak Bat' euskal etxearen egoitzan eginiko Aberri Eguneko afariko ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)]

Afaldu ostean, 'Euskaldunak Denak Bat'eko gazteak irten ziren jendaurrera, 'Ugarritzak' dantza taldea osatzen duten gazteetako batzuk alegia, eta erakustaldi labur bat eskaini zuten, ondoren bildutakoei zuzendu eta plazaratzeko gomitea eginez, partaidetza bilatuz, hala nahi zuten guztiei partzuer edo partaide bilakatzeko aukera emanez dantza herrikoien dantzan.

[Eta afaria burututa, dantzaldi herrikoiari ekin zitzaion, Ugarritzak taldekoen eskutik; lehenengo gazte dantzariak atera ziren jendaurrera eta euren errepertorioko dantza erakustaldi laburra eginik, publikoari luzatu zioten dantzari ateratzeko gomitea (argazkia, EuskalKultura.com)]

Horrekin batera, eta denboran Aberri Eguneko ekitaldiekin bat eginez, 'Eusko irudiak' mostra iritsi zen Arrecifesera. Mikel Arrazola argazkilari oñatiarraren erakusketa, 2006an zehar makina bat herri eta euskal etxe argentinar bisitatu ondoren etorri zen Arrecifesera. Mostra aurretik ikusi ahal izan duten euskal etxeen artean, honakoak daude: Tandil, Azul, Laprida, Coronel Pringles, Mendoza, Bahía Blanca, Santa Rosa, Trenque Lauquen, Córdoba, Villa Mercedes, General Villegas, Pergamino eta Rosario. 2007ko ibilbidea Arrecifes-en hasi da eta hurrengo helmuga dauzka San Nicolás, La Plata, Las Flores, Saladillo, Bolívar, General Lamadrid, Necochea, Ayacucho, Cañuelas, Suipacha eta Chivilcoy-ko euskal etxeak, urrian Rosarioko Euskal Aste Nazionalera ailegatu aurretik.


Lotura interesgarriak

Arrecifes-eko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxeak 60 urte bete
BasqueHeritage.com-en 2007ko apirilaren 17an argitara emana

Arrecifeseko Euskal Etxeak 85 urte bete ditu
EuskalKultura.com-en 2007ko otsailaren 24an argitara emana

Ugarritzak euskal talde arrecifestarra San Pedron dantzari
EuskalKultura.com-en 2006ko urriaren 14ean argitara emana

Arantzazuko Ama Birjinari Bederatziurrena Arrecifes-en
EuskalKultura.com-en 2006ko abuztuaren 31ean argitara emana

Fiestas ignacianas en Arrecifes, Juan Agotegaray-ren artikulua
EuskalKultura.com-en 2006ko abuztuaren 25ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia