euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Ikaskuntzak 'Jakiunde' Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia sortu du, geroaz gogoeta eragiteko

2007/10/22

Pedro Miguel Etxenike fisikari nafarra izango da datorren ostegunean Donostian osatuko den Jakiunde ekimen berriko lehenengo presidentea
Pedro Miguel Etxenike fisikari nafarra izango da datorren ostegunean Donostian osatuko den Jakiunde ekimen berriko lehenengo presidentea

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian bakoitzak bere esparruan ospea duten ia hogeita hamar jakitun, profesional eta sortzailek Jakiune, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia abiaraziko dute datorren ostegunean Donostian. Eusko Ikaskuntzak bultzaturik, ekimenak euskal gizartearen aitzinamendua eragiteko baliagarri izan daitekeen gogoeta-esparru erreferentziala bihurtzeko bokazioa dauka. Besteak beste, Euskadi Ikerketa Saridunak, Vianako Printzea Saridunak eta Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saridunak biltzen ditu, baita literatura, zuzenbidea, antropologia, zientzia, zinea, musika edo literatura bezalako arlotako adituak ere.
Ekimen berriaren helburua gogoeta eragitea da, bere kideak elkarrekin hausnartzen jartzea, emaitzak, iritziak eta proposamenak plazara ditzaten euren inguruan atzematen dituzten hutsune eta gabeziez, baita Zientziak, Arteak eta Letrek datozen urteotan hartu behar duten norabideez ere. Ekinbide honekin zientzia eta arte arloko jarduna puxatu nahi dute Euskal Herrian, eta erreferentziazko mintzatoki bihurtu arlo horietako komunitateentzat, 'bermatuz jakitate mailarik gorenerako irispidea eta informazioa', bere barne araudiek agertzen dutenez.

Pedro Migel Etxenike zuzendari

Pedro Migel Etxenike fisikari nafarra izango da Jakiundeko lehenengo zuzendaria. Berarekin batera zazpi herrialdeetako profesionalak arituko dira, horien artean Bernardo Atxaga idazlea, Jesus Altuna antropologoa, Montxo Armendariz zinegilea, Maite Lafourcade legelaria, Maria Bayo sopranoa, Gregorio Monreal katedraduna, Jon Marcaide astronomoa edo Mariasun Landa eta Miguel Sanchez Ostiz idazleak.

Guztiek onartu dute Jakiuneko partaide izatea, diziplina anitzeko Akademia berria erakunde dinamiko eta eraginkorra bilaka dadin bere lanean, bere ekarpenek lagundu ahal izan dezaten XXI. mendeak eskatzen duen euskal gizarte berri eta eguneratua eraikitzen.

Lege nortasun propioa hartzeko bokazioa

Prozedurari dagokionez, Jakiunek bere ekimenez lan egin ahal izango du, alegia akademiakideek berek iradokitako gai eta arazoak aztertuz eta landuz, edo aholku bila etor diezazkiokeen erakunde edo agente sozialen galdeak haintzakotzat hartuz. Hasieran Eusko Ikaskuntza izango da galde edo eske horiek aurkeztuko dituena. Dena den, Jakiunde Eusko Ikaskuntzak bere magalean sortutako erakundea bada ere, bere garaian Euskaltzaindia izan zen bezala, etorkizunean berez hazi eta garatu eta lege nortasun propioa eskuratzera deitua dagoen ekimena izateko bokazioz sortua da, lehenengo hilabeteetako abiatze epea gainditu ostean.

Jakiunderen helburua, beti ere, gizarteari epe luzerako zerbitzua ematea izango litzateke eta karia hortara instituzio politikoetatik aparte sortua izan da, baina aldi berean harreman onean bai Estatu espainiarreko erakundeekin zein EAEko eta Nafarroakoekin eta Iparraldekoekin.

Lan egiteko moldea: osoko bilkurak eta batzordeak

Maila garaiko aholku izakunde berriaren lan egiteko moldea bideratuko duen araudiak dioenez, Jakiundeko kide hautetsiak hirutan bilduko dira urtean osoko bilkuretan, urtean zehar batzorde espezialduek eginiko lana baieztatzearren. Akademiakideek berek osatuko dituzte batzorde horiek, arlo bakoitzeko adituen laguntza bildu ahal izango dutelarik, hala erabakitzen badute.

Oraingoz 26 kide hautetsik osatzen dute Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia, nahiz eta araudiak 32rainoko aukera ematen duen.


AKADEMIAKO KIDEAK

-Pedro Miguel Etxenike. Fisikaria, Akademiako lehen presidentea
-Javier Aguirresarobe. Zine arloko argazki zuzendaria
-Jesus Altuna. Antropologoa
-Montxo Armendariz. Zinegilea
-Iciar Astiasaran. Farmazia
-José María Asua. Ingeniero Químico
-Bernardo Atxaga. Idazlea
-María Bayo. Sopranoa
-Juan Colmenero. Materiaren fisikaria
-José Luis de la Cuesta. Zigor Zuzenbidea
-Javier Echeverría. Filosofoa
-M. Karmen Gallastegi. Ekonomilaria
-Juan José Goiriena de Gandarias. Medikua
-Felix Goñi. Biokimikaria
-Gurutz Jauregi. Konstituzio Zuzenbidea
-Maite Lafourcade. Zuzenbidearen Historia
-Mariasun Landa. Idazlea
-José Antonio López de Castro. Biokimikaria
-Jon Marcaide. Astronomoa
-Rafael Moneo. Arkitektoa
-Gregorio Monreal. Zuzenbidearen Historia
-Miguel Sánchez Ostiz. Idazlea
-Inma Shara. Orkestra zuzendaria
-J. Mari Ugalde. Kimikari fisikaria
-Juan Uriagereka. Linguista
-Enrique Zuazua. Matematika aplikatua

(Noticias de Gipuzkoak 2007-10-20ean argitaratutakotik moldatua)


Lotura interesgarriak

Eusko Ikaskuntza
www.eusko-ikaskuntza.org

Asmoz Fundazioa
www.asmoz.org

Euskonews & Media
www.euskonews.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia