Iruñea, Nafarroa. ACE euskal elkarte erromatarrak 2002an sortu zenetik garatu dituen euskara eta euskal kulturarekiko proiektuak aipatu zituzten sari-emate ekitaldian, bai Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak baita Alex Mendizabal eta Roberta Grazzik ere. Talde-lana, lan bolondresa eta gizarte italiarraren aurreko euskal erakuslehio jardun izana, zubilana eginez berez oso aspaldidanik harremanetan dauden euskal eta italiar/latino kultura eta hizkuntzen artean nabarmendu ziren orokorrean, Alex Mendizabalek azpimarratu zuelarik Italiak eta latinak euskaldunongan izan duten eragin handia, kulturalki oro har baina baita linguistikoki ere, hiztegian bertan, zuzenean latinetik edota hizkuntza erromantzeen bitartez heldua.
Elkarte euskal-italiarrak urte hauetan garatu duen lan ona baina baita entusiasmoa eta sormena Erroman eta inguru italiarrean ekimenak garatzerakoan ere goraipatu zen. Bereziki namarmendu zen jaiotzez euskaldunak ez diren ACEko kideek eta oro har euskara maite duten erromatar eta italiar kolaboratzaile ez-euskaldunek eginiko lana. Mendizabalek aurretik ere EuskalKultura.com-i azpimarratu zionez, "noizpait aztertu eta azaleratu beharko da euskaldunak izan gabe euskararen eta euskal kulturaren alde egindako horien lana, Erroman baditugu adibide ederrak", adierazi zuen.
ACEk urtetan zehar euskara klaseak eman izan ditu eta besteak beste Euskara Sail edo Departamentuak sortu izan ditu UPTER eta Roma3 unibertsitateetan. Abendu oro Euskal Aste bat (Settimana Basca) antolatzen du Erroman eta orain artean Euskal Herriko hainbat idazle, musikari, artista eta oro har sortzaile eraman eta lagundu ditu publiko italiarraren aurrean aurkezten. Bere lanaren biltzaile www.euskara.it webgunea erabiltzen du plataforma gisa eta hor topa daitezke, esaterako, Euskanta proiektua, ikasle eta gazte italiarrak hurreratuz euskara eta euskal kulturara musikaren bidez; edota Libe argitaletxea, euskal obren italierazko online edizioak proposatu eta gauzatzen dituen argitaldaria. Joseba Sarrionandiaren Lettere ad Ainhoa eta Xabier Erkiziaren Non Dire (Niente) dira hor azkeneko emaitzak, Roberta Gozzik zuzenean euskaratik italierara itzuliak eta doainik jaitsi daitezkeenak.
Eusko Ikaskuntzak urtero ospatzen du abenduaren 3an, 1949tik, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE), Diasporarekin lotura berezia duen ospakizuna. 2006tik aurrera ENE Saria banatzen du euskal diasporan euskararen eta euskal kulturaren alde nabarmendu den elkarte baten jarduna errekonozitzeko.
Orain arteko sarituak izan dira:
-2006, Artaburu Euskaltzale Elkartea (Mar del Plata, Argentina)
-2007, Bartzelonako Euskal Etxea (Bartzelona, Katalunia)
-2008, Eskualdunen Biltzarra, Association des Basques de Bordeaux (Bordele, Frantzia)
-2009, North American Basque Organizations (NABO, Estatu Batuak)
-2010, Sustraiak - Erroak Elkartea (Paris, Frantzia)
-2011, Hogar Vasco - Madrilgo Euskal Etxea (Madril, Espainia)
-2012, Unión Vasca de Bahía Blanca (Bahia Blanca, Argentina)
-2013, Euskaltzaleak, Escuela de Lengua Vasca de Buenos Aires (CABA, Argentina)
-2014, Gernika Deusch-Baskischer Kulturverein (Berlin , Alemania)
-2015, Associazione Culturale Euskara di Roma (Erroma, Italia)