Eusko Ikaskuntzak Diasporari buruzko gogoetaldi baterako deia egin du ostiral honetarako, irailaren 23rako, deialdi bat plazaratuz "Etorkizuneko diaspora: Zer-nolako harremanak nahi genituzke Euskal Diasporarekin?" izenburupean Baigorriko Bil Etxea gelan. Lekuak mugatuak dira, baina informazio hau idazterakoan azkenekoren bat geratzen da oraindik.
Baigorri, Nafarroa Beherea. Eusko Ikaskuntzak egun osoko ekitaldia antolatu du ostiral honetan Baigorrin, deia eginez euskal gai eta errealitate honi buruz interesa dutenei bertaratu eta ekarpenak egin ditzaten, gogoeta eta eztabaidarako materiala batzearren, Zazpigarren Probintziako euskaldunen eta kanpoko Euskal Herriaren presentzia, ezagutza, onarpena, lankidetza eta aurrerabidea mahaigaineratuz, gaiari higialdia emanez, merezi duen indarrarekin agendetan sartuz eta abiada egokian mugi dadin laguntzeko.
Hitzordua irailaren 23an izango da, goizeko hamarretan hasita. Baigorriko Bil Etxea gelan. Sarrera hitzak Baigorriko alkate Jean-Michel Coscarat-ek esango ditu, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro lagun duela. Ondoren, hitzaldia emango du Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, kargu hura utzi zuenetik munduan barrena hitzaldiak ematen ibili den pertsona, askotan euskal gizatalde eta etxeekin harreman estuan.
Ondotik, taldekako bilerak antolatuko dira, eztabaida dinamika bati bidea emateko, goizez zein arratsaldez. Laurak aldera sintesi saio bati ekingo zaio eta bost t'erdietan itxierakoari.
Informazio gehiagorako, jo Koro Muro Arriet, Eusko Ikaskuntzako Proiektu Arduradunadunarengana, emailez koro.muro@eusko-ikaskuntza.org helbidean edo telefonoz Donostiako 943 31 08 55 zenbakian.