euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Ikaskuntzak zabalik dauka abenduaren 3an banatuko duen ENE 2011 Sarirako izenak biltzeko epea

2011/10/26

Iazko irabazlea izan zen Sustraiak-Erroak elkarteari buruzko panela Pariseko Euskal Etxeak egin zuen erakusketa batean (argazkia EuskalKultura.com)
Iazko irabazlea izan zen Sustraiak-Erroak elkarteari buruzko panela Pariseko Euskal Etxeak egin zuen erakusketa batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskara eta euskal kulturaren alde egiten duen lana dela eta saria merezi duen Diasporako talde edo erakunderen bat ezagutzen duzu? Oraintxe duzu aukera lan horren berri eman eta eskertzeko: aurkez ezazu proposamena aurtengo ENE sarietara. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen sari honek Diasporan euskararen alde lanean ari diren taldeak aintzat hartzea du helburu eta hautagaiak aurkeztea libre da. Horretarako nahikoa da delako elkartearen merituen laburpen bat bidaltzea, e-mailez, EuskoSare erakundera. Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 25ean itxiko da eta saridunaren izena Eusko Ikaskuntzak sortu zuen Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan jakinaraziko da, abenduaren 3an.

Donostia-San Sebastian. Eusko Ikaskuntzak aurtengo ENE sarirako hautagaitzak bidaltzeko epea ireki du. Aurreko edizioetan honakoek jaso dute saria: Pariseko Sustraiak-Erroak elkartea (2010), North American Basque Organization-NABO (2009), Bordeleko Eskual Etxea (2008), Bartzelonako Euskal Etxea (2007) eta Mar del Platako Artaburu Euskaltzale Elkartea, Argentinan (2006). 

Saria emateko prozesua hautagaitzak bidaltzeko fase ireki honekin hasten da, eta bertara Euskal Herritik kanpo euskararen alde lanean ari den edozein elkarte proposa daiteke. "Euskal hizkuntza eta horren adierazpideak zabaltzeko lana hartzen da euskara sustatzeko lantzat: irakaskuntza, literatura idatzia, ahozkoa, zinea… eta sortze lan oro", zehazten du Eusko Ikaskuntzak sariaren deialdian. 

Parte hartu nahi duten erakundeek beren jardueraren laburpen bat bidali behar dute EuskoSarera (info@euskosare.org). Laburpen horrek gehienez A-4 neurriko bost orri izango ditu, eta bertan Epaimahaiak kontuan hartzeko interesgarri irudituko zaizkien xehetasun guztiak azalduko dituzte: erakundearen sorrera data; euskararen inguruan urtean burutzen dituzten ekintzak; ikasle kopurua, hala badagokio; argitalpenak eta antzekoak; lorturiko goraipamenak eta sariak; eta abar.

2011ko azaroaren 25ean gaueko 24:00etan amaituko da hautagaiak aurkezteko epea. Eusko Ikaskuntzak izendatuko duen Epaimahai batek erabakiko du saritu beharrekoa. Euskararen Nazioarteko Egunean, 2011ko abenduaren 3an, jakinaraziko da Epaimahaiaren erabakia. Saridunak aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako diseinatu zuen anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzio bat jasoko ditu.

-Informazio gehiago Eusko Ikaskuntzaren webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia