euskal diaspora eta kultura
2009/12/02
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Euskararen Nazioarteko Eguna bere 60. urteurrena ospatzen ari da aurten. Sei hamarkada igaro dira Eusko Ikaskuntzak 1949an geure hizkuntzaren aldeko deia egin eta aldarrikapen egun hau finkatu zuenetik. Geroztik, abenduaren 3a egun gorriz seinalatua da euskaltzaleentzat eta Euskal Herrian zein Diasporan euskararen sustapen eta zabalkuntzan lan egiten duten pertsona eta erakundeentzat.
Ekintza, saio eta ekitaldi kontaezinak burutuko dira bihar Euskal Herri osoan ENE dela eta. Eusko Jaurlaritzak parte hartzera deitu du, esaterako Gasteizen eta Donostian egingo diren ekitaldietan: Gasteizen, Mikel Martinez eta Patxo Telleriak osatzen duten 'Ez dok Hiru' taldeak 'Euskarazetamol' umorezko obra antzeztuko du Principal Antzokian. Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, berriz, kontzertu liriko bat eskainiko dute Jose Bernardo Alvarez eta Maite Galdeanok, Aita Donostia, Garbizu, Olaizola, Etxeberria ta Guimon, eta Iparragirreren euskarazko kantuak kantatuz.
Donostiako Mintzodromoa
Donostiatik atera gabe, hiriko Euskararen Udal Patronatuak eta Donostia 2016 bulegoak antolatuta, 'Mintzodromoa' delako ekitaldia burutuko da Boulevardean: helburua euskararen erabilera kalean bultzatzea eta, kasu honetan, kalea euskal hitzen oihartzunez betetzea, hiritarrak kafe bat hartzen duten bitartean gaurkotasunezko gaietaz euskaraz hitz egiteko bilduz. Kultura Sailetik, bestalde, Lehendakariak mezu bat zabalduko duela adierazi dute, ENE azpimarratuz eta euskararen aldeko aldarrikapena eginez.
Bizkaian ere ez dira atzean geratuko ENE ospatzerakoan eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak antolaturik "argazki mosaiko" erraldoi bat egitera deitu dute ostegunerako. Ideia erraza da, argazki bat ateratzen dizute Bilboko Arriaga Plazan eta Moiua Plazan ipiniko dituzten mahai batzuetan. Ehundaka edo milaka jenderi ateratako argazkiekin mosaiko moduko bat osatuko da, zabaldu nahi den mezua "euskara guztiona da eta guztion artean egiten dugu" izanik.
Mosaikoa eta Bandenlehia.com lehiaketa Bilbon
Ekimen honekin batera, euskara eta teknologia berriak eta sare sozialak uztartzen dituzten bestelako eskaintzarik ere izango da Bilbon. Iazko esperientziaren arrakastatsua baliatuz, arratsaldeko zazpietatik aurrera debaldeko sarrera izango duen kontzertua egingo da, Bandenlehia.com lehiaketako finala taularatuz. Lehenengo fasea internetez egin zen eta finalean sartu diren bandak honakoak dira: The Hysteria (rock), Haxotz (rock/punk/metal), Bertan bera (rock) eta Hotsak hezurretan (rock). Bertaratuko direnek erabakiko dute irabazlearen izena, botoak telefono mugikor dei galduen bidez emanez.
Baina aipatutako hitzorduez gain, beste hamaikatxo deialdi ere egin dira Euskal Herri osoan ENE ospatzeko, Zuberoako puntatik Enkarterrietaraino, Baionatik erribera nafarreraino, tartean udalek egindakoak, euskara eskola eta euskaltegiek, gazte erakundeek, asti elkarteek, baita Euskaltzaindiak ere.
Eusko Ikaskuntzaren sare bidezko deia
Lehendabiziko ENE egin zenetik, elkarrekin joan dira Eusko Ikaskuntza eta Euskararen Nazioarteko Eguna. 2005etik hona, urtero gai baten inguruan edo deialdian ekarpen berezi edo original bat eginez antolatu dira edizioak: Benito Lertxundiren kanta bat erabiliz (2006), gazte batzuk sortutako bertsoez (2007) edo komiki lehiaketa bat eginez (2008). Aurtengoan, euskararen erabilera interneten eta sare sozialetan hartu da ardatz eta horren inguruan antolatu.
Izan ere, "Klik egiozu euskarari. Hizkuntza eta www komunikazio tresna ibiltariak direlako, mugituz, aldatuz doazelako" esaldi nagusi edo mezu gisa harturik antolatu da. Mezu horixe bera elastiko batera eraman da, Kukuxumusu faktoriako Mikel Urmeneta marrazkilariak propio egindako diseinu batean. Helburua, interneteko sare sozialen fenomeno berria baliatzea, euskara ere horietan ahalik eta normalen erabiltzeko eta, ENE dela eta, zarata ateratzea euskararen inguruan Facebook, Tuenti eta Twitter-en esaterako.
Elastikoa euskararen aldeko mezuen truke
Euskararen presentzia komunikaziorako tresna berri horietan zabaltzeko filosofiarekin, euskararen aldeko esaldi, lelo edo aipuak biltzen ari da Eusko Ikaskuntzak sorturiko blog bat: www.eusko-ikaskuntza.org/ene. Kukuxumusu faktoriako Mikel Urmenetak diseinatutako 200 elastiko zozketatuko dira euskararen aldeko atxikimenduak uzten dituztenen artean. Parte hartzeko aukera abenduaren 8rarte egongo da zabalik. Animatu eta utzi euskararen aldeko zure mezua!
[Kukuxumuk ekimenerako diseinatutako elastikoa. Honelako berrehun zozketatuko dira www.eusko-ikaskuntza.org/ene webgunean mezua uzten dutebeb artean]
Ospakizunak mundu osoan zehar
Baina gure irakurleek ongi dakitenez, Euskararen Egunaren ospakizuna ez da Pirineoen magaleko Euskal Herrian bakarrik egingo, euskal presentzia duten herrialde askotan baizik. Izan ere, munduko euskal etxe eta komunitateek prest dituzte data ospatzeko hainbat ekitaldi: Erromako Associazione Culturale Euskara-k adibidez, elkarretaratzea, hiriburu italiarrean, eta euskal pintxo tradizionalen dastaketa antolatu du Asier Oyarzabal sukaldariarekin batera. Katalunian, ostera, "Euskara eta Frankismoa" izenburupean hitzaldia eskainiko du Bartzelonako Euskal Etxeak, Universitat Autònoma de Barcelonako irakaslea den Jon Elordiren eskutik.
Ekitaldi programak eta ENE gogoan hartzeko deiak leku askotan errepikatuko dira, ordea. Batzuak biharko egunez, ostegunez, eta beste kasu batzuetan asteburura pasaturik, jende gehiagok parte hartu ahal izan dezan. Hainbat euskal etxe, esaterako Estatu Batuetan, Mexikon, Australian, Espainian, Frantzian, Kanadan eta herrialde gehiagotan ibiliko da euskara eta euskararen aurrerabidea gogoan. Baita Argentinan ere, baina kasu honetan artikulu bereziki batera atera ditugu herrialde austral horretako deiak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus