euskal diaspora eta kultura
2011/12/23
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. “Lagunentzako leku bat da”. Hitz hauekin aurkezten dute 'Eusko Gudariak' proiektua Gasteizko Iñaki Xalaberri eta Bizkaiko Luciano Ibagaza sortzaileek. “Jendea etxean bezala sentitzea da gure asmoa; eta helburu horrek gidatu gintuen, lokala prestatu eta apaindu genuenean”.
'Eusko Gudariak' Jateko Etxearen inaugurazioa abenduaren 1ean izan zen eta hauxe zioten gonbite gutunean arduradunek: “Gure herritik urrun bagara ere, begiak ixte hutsarekin hemen eskaintzen ditugun zaporeek Euskal Herriko hainbat paisaietara eramango gaituzte, hala nola Bizkaiko herriko taberna batera, Arabako jateko etxe batera, Nafarroako zezentoki batera, Lapurdiko baserrietara, Zuberoako egusentira edo Gipuzkoako sagardora”. Euskal Herriko irudiak ez ezik, jarrera politiko jakina ere badute jatetxearen nagusiek. “Izenak islatzen duen bezala, abertzale eta borrokalariak gara 'Eusko Gudariak'-ekook”, azaldu du jatetxeko sukaldariak, “eta jantokian ikus daitezke ikurrinak, euskal presoen banderak eta Sabino Aranaren erretratua”.
Euskal Herriko jatetxeen giroa bermatzeko, Iñaki Xalaberrik eta Luciano Ibagazak adierazi digute “kalitate handiko lehengaiak” baino ez dituztela erabiltzen euren sukaldean. Horretaz gain, azpimarratzen dute Xalaberri chefak L´cordon bleu institutu gastronomian egin zituela bere ikasketak eta Michelin izarrak ba omen dituela bere jardueran. Azken urte hauetan, Xalaberri Gasteizeko “Revividor” eta Buenos Aireseko Laurak Bat jatetxeetan ibilia da.
'Eusko Gudariak' Buenos Aires hiriburu erdigunean dago, Montserrat auzoko Hipolito Yrigoyen kaleko 1400. zenbakian. Jatetxeak 35/40 pertsonentzako tokia du eta irekita egoten da asteko gau guztietan, igandeetan izan ezik, iluntzeko 8etatik 12ak arte. Erreserbak egiteko telefono zenbakia, 4381-4779. Facebook-en ere dago 'Eusko Gudariak' (Jateko Etxea Eusko Gudariak).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus