Eusko gudari gisa faxismoaren kontra borrokatu zuen irlandar bat ekarri dute gogora Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean
2017/04/26
Bernadette McAliskeyren hitzaldia Gernikaz joan den igandean Dublinen
PUBLIZITATEA
Irlandar bakarra izan omen zen Euzko Gudarosteko kide gisa borrokatu zuena --kapitain izatera iritsi zen-- eta urtetan bere oroitzapena ezkutuan egon da. Joan den asteburuan, Gernikako Bonbardaketaren 80, urteurrena gogoratzeko egitarauan, bere izena mahai gainera ekarri zuten Dublinen, "Gernika, Then and Now (Gernika, orduan eta gaur) aldizkaria aurkezten ai zirela. Segidako artikulua iragan igandean argitaratu zuen The Irish Times egunkariak, Barry Roche-k sinaturik.
Barry Roche. Jack Prendergast dublindarrak Euzko Gudarostearekin borrokatu zuen faxismoaren kontra, baina bere istorioa ezkutuan eroria zen hein handi batean. Orain, egun argira ekarri eta dokumentatu egin du Sam McGrath historialari dublindarrak, plazaratu berria den Gernika Then and Now argitalpenean.
McGrath-en bidez, badakigu Prendergast 1911ko maiatzaren 11ean Dublinen jaio eta Dock House-n hazi zela, Spencer Dock-en, hiriko North Wall-en, bertan bere aita esklusa zaintzailea baitzen. University College of Dublin-en (UCD) sartu zen 1930an ingeniaritza ikastera, baina urtebeteren buruan utzi egin zuen, administrazio publikoan lan egiteko.
Gerla Zibilia lehertu zelarik Espainian, Prendergast hunkiturik geratu zen Euskal Herria jasaten ari zen egoeraren berri izandakoan eta Euskal Herrira joan zen. Eusko Alderdi Jeltzalearen gudaritzan sartu eta berehala pasatu zen Euzko Gudarosteko aginte bateratuaren esanetara.
McGrath-ek kontatzen du Prendergast kapitain kargura iritsiko zela eta "Irrintzi bataloiko 8. bataloiarekin borrokatu zuela, Txilen jaiotako Gabino Artolozaga abertzalea komandante, izan ere Bizkaiko fronteko ia ekintza eta borroka garrantzitsu gehienetan ibilitako gizona".
Prendergast-ek bere arrazoiak azaldu zituen, The Evening Herald egunkariari 1939an bidalitako gutun batean, agerian utzita berak ez zuela Brigada Internazionalekin borrokatu, Euskal Armadako gudari legez baizik eta bere nahia "euskaldunekin batera borrokatzea (zela). euskal lurraldearen azkeneko pusketa berreskuratu arte".
1939an Prendergast Irlandara itzuli zen. Kantabriako Santoñan harrapatu zuten Francoren indarrek, ondoren espetxeratu eta Bidasoako mugara eraman zutelarik eta handik kanporatu "atzerritar arbuiagarri" zelakoan, McGrath-ek azaltzen duenez.
Geroago Prendergast-ek depresioa jasan eta bere buruaz beste egingo zuen, lehenago bere neskalagun Unna Ennis tiroz hilda paseatzen ari zirela, 1942ko apirilean.
McGrath-ek txosten bat topatu du, non Prendergast-en aitak, Thomas-ek, esaten duen bere semeak depresioa eta pleuresia zeukala Espainiatik etorri zenetik. Epaimahaikoek ebatzi zuten "zorotasun kolpe bat" jasaten ari zela, Ennis andereñoari eta bere buruari tiro egin zienean.
Bernadette McAliskey sozialista errepublikar beteranoak eskerrak eman zizkion Gernika 80 Batzordeari ekitaldia antolatzeagatik eta gogora ekartzeagatik Euskal Herriaren sofrikarioa Espainiako Gerla Zibilean, eta "Gernika, No and Then" gauzatzeagatik, Jack Prendergast-enak bezala istorioak berreskuratuz.