euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Etxeko kideak ikurriña eskuetan atera ziren "San Juani Itzulia 2020"ko euskal txirrindulariak animatzera

2020/02/05

Bertako Eusko Etxeko kideak animatzaile, Orbea Fundazioko txirrindulariak ‘San Juani Itzulia 2020’ lasterketan
Bertako Eusko Etxeko kideak animatzaile, Orbea Fundazioko txirrindulariak ‘San Juani Itzulia 2020’ lasterketan

PUBLIZITATEA

San Juan, Argentina. Andeen magalean urtero egiten den ‘La vuelta a San Juan’ (San Juani itzulia) Nazioarteko Txirrindularitza Lasterketa bere 38. ediziora iritsi da aurten. Norgehiagoka urtarrilaren 26an hasi eta otsailaren 2an bukatu zen eta astean zehar ziklistek mila kilometrotik gora egin behar izan zituzten oso malkartsuak diren San Juan probintziako errepideetan. 167 lehiakideen artean Euskal Herriko Orbea Fundazioaren taldekoak zeuden eta Eusko Etxeko lagunek errezibitu eta animatu zituzten probintziako hiriburutik pasatzean.

Lasterketaren abiapuntura ez ezik, hotelera ere bertaratu ziren Eusko Etxeko ordezkariak Jokin Aranburu, Mikel Alonso, Peio Goikoetxea, Iker Ballarin, Garikoitz Bravo eta Unai Quadradok osatzen duten taldea animatzeko. Kirolariek bisita eskertu eta poz-pozik ikus zitezkeen argazkietan Eusko Etxeko lagunek eramandako ikurrin eta txapelekin.

Emaitzak, hala ere, ez ziren onenak izan Euskal Herriko taldearentzat. Izan ere, ez zuten lortu lehenengo 10en artean sartzea. Irabazlea –irabazlerik gazteena lasterketaren historian– 20 urteko Remco Evenepoel belgikarra izan zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia