euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Cantat kantu lehiaketa birtualak euren grabazioak sarean jartzeko gonbitea luzatzen die munduko koruei

2007/06/05

Boiseko Biotzetik abesbatza, Diasporan dauden euskal koruetako bat (argazkia EuskalKultura.com)
Boiseko Biotzetik abesbatza, Diasporan dauden euskal koruetako bat (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Diasporako koru, talde edo besterik gabe kantatzea maite duten lagunek, edota Euskal Herritik kanpoko abesbatza ez-euskaldunek, parte hartu dezakete Eusko Cantat lehiaketa berrian. EuskoSarek antolatu du ekimena, Eresbil (Euskal Musika Artxiboa) eta Euskadiko Abesbatzen Elkartearen laguntzarekin. Grabaketei botoa Internetez emateko aukera egongo da eta 2.000 euro banatuko dira saritan.
Kantu eta abesbatzen munduan lehiaketarik ez da falta, baina talde askok ez dute atzerrira bidaiatzeko aukera ekonomikorik edota talde aski egongorrik. Orain etxetik mugitu gabe euren ahotsak eta abilezia erakusteko aukera izango dute talde amateur eta profesional askok, Eusko Cantat lehiaketari esker. Taldeek euren grabazioak e-mailez edo postaz bidaliko beharko dituzte eta sarean eskegiko dira. EuskoSarek antolatu du lehiaketa, Eusko Ikaskuntzaren Musika Saila, Musikako Euskal Artxiboa (Eresbil) eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen (EAE) lankidetzarekin. Euskal Herritik kanpoko ahots-talde guztiei zuzendutako lehiaketa da. Parte hartzeko euskal errepertorio tradizionaleko lanak eta taldeen tokikoak abestu beharko dira. Taldeek bost eta zortzi kide bitartean izan behar dituzte. 'Partaide kopuru hau finkatzean ahalik eta talde gehienek parte hartzeko aukera izatea izan da gure asmoa', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Antton Aranburuk, EuskoSareko zuzendariak.

'Lehiaketa ez zaie bakarrik euskal Diasporako kideei zuzentzen, gainerako herrialde eta kulturetako abesbatzei ere baizik', azaltzen du Aranburuk. Izan ere, hainbat herrialdeko taldeak dagoeneko interesatu dira lehiaketari buruzko galderak eginez. Talde guztiek gutxienez bi euskal abesti kantatu beharko dituzte eta hirugarrena euren jatorrizko herriko edozein kanta izan daiteke, beraiek aukeratuta.

Letrak eta partiturak sarean

Abesti hauen grabazioak e-mailez edo postaz bidali behar dira EuskoMedia fundaziora. A capella (ahots bakarrean ala gehiagotan) abes daitezke edo instrumentuez lagunduta. Abestietako bat nahitaez Maitea, nun zira izango da. Abesti honen letra, partitura eta melodia sarean eskura daitezke, EuskoMediaren Kantutegian. Beste euskal abestia ondoko bost kantu hauen artean aukeratu beharko dute:

-Haltzak eztü bihotzik (Lapurdi)
-Beti penetan (Arraiotz, Nafarroa)
-Birjiña maite (Durango, Bizkaia)
-Itsasoa (Hondarribia, Gipuzkoa)
-Begira nago (Legutiano, Araba)

Grabaketak bidaltzeko epea datorren irailaren 15ean bukatuko da. Ondoren Euskomedia fundazioak bere webgunean jarriko ditu abestiak eta irailaren 20tik 30era bitartean bisitariek abestiak entzun eta euren botoa emateko aukera izango dute. Boto hauek azken erabakiaren heren bat izango dira eta beste herenak antolatzaileek aukeratuko duten epaimahaiaren erabakia izango dira. Emaitzak urriaren 5ean argitaratuko dira. Irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 500 eta hirugarrenak 300.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek grabazioak bideo edo audio formatuan (MP3, WAV, AVI edo MPEG) behar dituzte bidali, Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundaziora, e-mailez (hona) edo postaz bada, helbide honetara:

Euskomedia Fundazioa
Asteasuain 14
20170 Usurbil
Euskal Herria, Espainiako Estatua


Lotura interesgarriak

EuskoSare
www.euskosare.org

Euskomedia Fundazioa
www.euskomedia.org

Eresbil-ek gonbidapena luzatu die euskal Diasporako musikariei
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 31an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia