Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeko lehendakaria den Maria Elena Etcheverryk eskainiko du aurten ‘Euskal mitologiaren imajinarioa’ ikastaroa. Ostiral honetatik hasita, saioak ostiralero izango dira, arratsaldeko 7etatik 9etara, ordu argentinarra. ‘Tailer’ tankera hartuko dute, “uste baitugu irakurketa partekatuak testuen mundua eta gure mundu eta bizipenak hurbiltzen dituela”, azaltzen du Etcheverryk. Pandemia egoerari egokituta, on line izango da, eta doanik.
Eusketxetik adierazi duetenez, euskal mitologia oso zabala izan arren, hautatutako gai zehatzak jorratuko ditu Etcheverryk bilera bakoitzean, honako programaren arabera:
Lehenengo saioa, sarrera: Tradizioaren ondarera iristeko aukerak eta mugak. Historikotasuna eta identitate narratiboa. Muin poetiko-mitikoa historian sartu ahal izateko. Arte e historiografia.
Bigarren saioa: Kulturen eta erlijioen arteko topaketa gatazkatsuan. Mitoa: identitate-osasunaren sintoma. Mendebaldearen eta kristautasunaren eragina euskal kulturan. Alienazio modernoa
Hirugarren saioa: ‘Txangoak’ kobazuloetara: akelarreak. Akerra eta emakumetasuna: tentsioen oreka lurraren erlijiotasunean. Emakumeak eta misterioak. Deabrua, inkisizioa eta sorgin ehiza.
Laugarren saioa: Erritoak eta ikurrak: ilargia eta eguzkia. Hileta errituak: hildakoen animismoa. Endogamia eta exogamia: lilura eta beldurra ‘ezberdintasun’aren aurrean. Abegia: nork hartzen du nor? Non? Generoen koska.
Tailerra doan izango da eta publiko orokorrari dago zuzenduta “baita aurreko edizioetan parte hartu zutenei ere, ikuspuntuak aldatzen baitoaz urterik urte”, azaldu dute antolatzaileek. Interesatuek eusketxe@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute izena emateko eta parte hartzeko linka jasotzeko. Bibliografia ikastaroa hastean banatuko da. Informazio gehiago, hemen.